Momak: "Gure abestiek indar handiko mezuak dituzte, eta nahi dugu jendeak mezu horiekin konektatzea"

Dorleta Vidal 2024ko urr. 4a, 11:02

Jon Andoni Moreno musikari ermuarrak bere proiektu berria aurkeztuko du bihar Lobianon: Momak taldea. Barakaldoko Hiriko Soinuak lehiaketan jo dute jada eta gaur Aguanieve taldearekin batera arituko dira San Mamesen, baina biharkoa izango da aurkezpen ofiziala. Argazkiak: Iñaki Moreno.

Sarrerak erosteko egin klik hemen.

Jon Andoni Moreno ermuarrak sortu berri duen Momak musika taldeak kontzertua eskainiko du urriaren 5ean Lobianon, 20:00etan. Berarekin batera Jon Ruiz barakaldarra, Pablo Ferretti madrildarra eta Vincenzzo Marinelli venezuelarra egongo dira, Bilboko jam session batean ezagutu eta gero, laukote sendoa osatu baitute.

Hurrengo lerrootan, Jon Andoni Morenorekin izandako solasaldia:

Orain arte Jon Moma bakarlaria izan zara. Zer dela-eta erabaki duzu taldean abesten hastea?

Azken boladan talde baten beharra sentitzen nuen, babes bat behar nuen, baina zalantzak nituen, ez nekielako beste musikari batzuek prest egongo ote ziren nik sortutako abestiak jotzeko... Denborarekin, eta terapiarekin, nire kantei garrantzia ematen joan naiz eta haietan sinisten hasi naiz. Konturatu naiz niretzako arteak eta, batez ere, musikak sekulako garrantzia duela, eta bide horretatik jarraitzea erabaki dut.

Leku ezberdinetakoak zarete Momak taldeko kide guztiak. Non ezagutu zarete?

Bilbon, Zorrozaurren dagoen Espacio Open zentroan burutzen diren jam session saioetan. Saio horietan hainbat musikari biltzen dira, eta elkarrekin jotzen dute, inprobisatuz. Guk ikusi genuen eszenatokian feeling-a geneukala, eta hitz egiten hasi ginen, elkar ezagutu, eta proiektua lantzeari ekin genion. Duela urtebete pasatxo izan genuen lehen hartu-emana, eta urte erdi inguru daramagu elkarrekin entseatzen. Oso pozik nago, beste kideek ere taldea serio hartu dutelako eta ni bezain motibatuta eta gogotsu daudelako. Aldi berean, guztiok gara helduak eta esperientzia daukagu musika munduan: badakigu zer nahi dugun eta zer ez. 

Udan Kolonbian izan zara, eta Karibeko Euskal Etxeak antolatutako zenbait kontzertu eman dituzu Jon Moma izenarekin. Esan daiteke Momak taldea Jon Momaren jarraipena dela? 

Ez. Bi proiektuak oso lotuta daude, hemen ere abestiak nik idazten ditudalako (nahiz eta azkenak banda formatuan jotzeko sortu ditudan), eta pisua daukat bandaren baitan. Proiektu pertsonala da neurri handi batean, baina nahi dut lauron proiektua izatea. Gustatuko litzaidake Jon Moma atzean lagatzea apurka-apurka. Proiektu berria da hau, indarrak eta ideiak guztiz berriak direlako.

Jon Momak kantatzen zituen abestiak eta Momak taldearenak oso ezberdinak dira?

Konposizioa ez da aldatu, baina produkzioa bai, eta horrek esan nahi du aditu batek prozesu artistikoan parte hartzen duela eta gidatzen gaituela, guk nahi dugun estiloa lortzeko. Oso figura garrantzitsua da.

Zein musika estilo jotzen duzue?

Indie, pop, rock... Zaila da etiketa bat jartzea. Abesti bakoitza ezberdina da, eta ez dakit inoiz eroso egongo garen etiketa bakarrarekin. Influentzia pilo bat dauzkagu. 

Abestiren bat grabatu duzue dagoeneko?

Bai, hiru grabatu ditugu, eta emaitza oso ona da. Onartu behar dugu kalitatearen aldeko apustua egin dugula, eta horrek inbertsio txiki bat eskatzen du, baina argi daukagu kalitatezko gauzak egin nahi ditugula. Horretarako maila handiko estudioetara jo dugu, produktore esanguratsuekin egin dugu lan... 

Urriaren 5ean emango duzue lehen kontzertua Ermuan...

Bai, eta gure asmoa zen kontzertu hau taldeko lehena izatea. 100 lagun inguru sartzen dira Lobianoko aretoan, eta zerbait berezia eskaini nahi genien gertuko pertsonei, showcase estiloan: banda aurkeztu, taldearen norabidea azaldu... Uda aurretik lotu genuen kontzertu hau, baina udan Barakaldoko Hiriko Soinuak musika lehiaketan parte hartu genuen, eta finalera heldu gara. Beraz, kontzertua eskaini behar dugu bertan irailaren 28an. Bestalde, urriaren 4an San Mames futbol estadioko Geuria! aretoan joko dugu: Aguanieve taldearen kontzertuaren hasierako taldea izango gara. Oso pozik gaude!

Zeintzuk dira zuen asmoak hemendik aurrera?

Hemendik gutxira lehen singlea aterako dugu, eta bideoklipa grabatzen ari gara, formatu profesionalean baita ere, hori izango baita neurri handi batean gure aurkezpena mundura. Bestalde, gure abestiek oso mezu potenteak dituzte, eta gustatuko litzaiguke jendeak mezu horiekin konektatzea, abestiak ahalik eta gehien zabaltzea, talde bezala hasi eta kontzertuetan gero eta erosoago egon. Izan ere, uste dut musikaren munduan urrutiago heltzeko, oso ona izan behar zarela zuzenean, eta hori lantzen saiatuko gara.