Gorka Barrainkua, Hiru Txikiak Trail taldeko mendi korrikalaria: “Neure burua da nire indargunerik handiena”

Dorleta Vidal 2024ko urr. 30a, 15:00

Gorka Barrainkua mendian gora Hiru Txikiak trail lasterketan. Arg.: Hector Petite

Uztailean burutu zen Ehunmilak ultratrailean parte hartu zuen Gorka Barrainkuak (Ermua, 1993) eta, 400 parte-hartzaileren artean, 9. postuan amaitu zuen. Probak dituen 171 kilometroak irribarrea galdu barik egin zituen, entrenamendu eta prestaketa lan gogorraren ondorio. Aurrera begira, hobetzen jarraitu nahi du, eta prest dago dena emateko are luzeagoak diren ultratrailetan ere.

Uztailaren bigarren asteburuan egin zen XIII. Ehunmilak ultratraila, eta bederatzigarren postuan heldu zinen helmugara (26:23:44). Espero zenuen hain ondo aritzea?

Ez! Inondik inora! Sinestezina izan zen zelako ondo irten zitzaidan dena!

Ibilbide guztia gozamena izan zen?

Egia esan, oso ondo ibili nintzen, azken 10 kilometroak geratzen zirenera arte: orduan sekulako beherakada nabaritu nuen! Argi neukan momentu batzuetan sufritu behar nuela, eta azken entrenamenduak horretara bideratu nituen, sufritzera. Burua entrenatzeko saioak izan ziren, egoerarik txarrenetan animoari eusten ikasteko. Hala ere, onartu behar dut hooligan talde itzela izan nuela ondoan anoa-gune guztietan, eta ia-ia 20 kilometroro: familia eta lagunak, eta asko eskertzen diet, bestela askoz gogorragoa izango zen aurrera egitea.

Pozik hartuko zenituen...

Bai, eta ez nuen galdu irribarrea une batean ere ez: txisteak kontatu nituen, edota La potra salvaje abestu. Argi neukan pozik joan behar nintzela, oso pozik, nik nahi nuen ekintza batean parte hartzen ari nintzelako. Gainera, ama ere tartean zegoen, eta ni txarto ikusiz gero, asko arduratzen da! Dena den, ni oso zentzuduna naiz, eta ondo egon izan ez banintz, erretiratuko nintzateke.

Beste kirolari batzuk ez dira egoten erretiratzeko prest?

Askotan, hankak ondo izan arren, zure sabela ez dago ondo, korrikalarien ohiko gaitza izaten da. Arriskutsua izan daiteke gorputzean janaria ez sartzea, baina batzuk ez dute etsi nahi izaten.

Sabela entrenatu daiteke?

Bai, nik aurten nutrizionista batekin lan egiten hasi naiz, eta karbohidratoetan oinarritutako dieta egiten dut, nire jarduerara egokitutakoa.

Fisikoari erreparatuta, nola bukatu zenuen lasterketa?

Mina neukan gorputz guztian (bizkarrean hanketan, besoetan...), urradurak..., eta bukatutakoan, tentsio jaitsiera izan nuen. Oinak, aldiz, nahiko ondo nituen, egia esan, nire oinek ez dute larregi sufritzen.

Barrainkua Hiru Txikiak trail lasterketan. Arg.: Mikel Madarieta

Zenbat denbora behar izaten duzu lasterketa ondoren errekuperatzeko?

Bizpahiru aste. Ezin zara bat-batean geratu, gorputza aktibo egon behar da, baina ariketa suabeak egin behar dituzu, muskuluak askatzeko.

Zenbat lasterketa egiten dituzu denboraldi bakoitzean?

Bospasei inguru, baina denak ez dira hain luzeak. Izan ere, ultratrailak egitea ez da batere ona gorputzerako, muturreraino eramaten duzulako, horregatik beste lasterketa batzuekin tartekatzeko egutegia egiten dugu entrenatzaileak eta biok. Aurten, 20 kilometroko proba bat egin dut otsailean, martxoan 42 kilometrotako beste bat, ekainean 60koa eta uztailean Ehunmilak, 171 kilometrokoa.

Eta lasterketa horiei aurre egiteko, zenbat entrenatzen duzu?

Asko. Hasieran, zazpi bat ordu astean eta, lasterketak gerturatzen denean, 10-12 ordura pasatzen naiz. Hiru aste lehenago, 15 ordura: traila, bizikleta... Horrez gain, gimnasiora joaten naiz astean bi bider, indarra hartzeko eta abdominalak lantzeko.

Zergatik jo zenuen entrenatzaile batengana?

Ultratrailen munduan gabiltzanok akatsak egiten ditugu entrenamenduetan, ondo entrenatzen ari garela pentsatuz, eta gidatuko zaituen baten bat behar duzu ondoan. Duela bi urte hasi nintzen Mikel Quelle oñatiarrarekin entrenatzen, eta hori izan da hartu dudan erabakirik onena eta hobetzeko modurik efizienteena: berari eskertu behar diot neurri handi batean gaur egun sasoi onean egotea.

Zeintzuk dira zure indargunea eta ahulgunea?

Indargunea burua da, oso alaia naiz, eta horrek mesede egiten dit lasterketetan. Hobetu beharrekoa, aldiz, jaitsierak dira, ez naiz oso ondo moldatzen. Igoerak nahiago ditut, nahiz eta gehiago sufritzen den.

Zein leku okupatzen du kirolak zure bizitzan?

Garrantzitsua da, baina ez dut nahi kirolak nire egunerokotasuna baldintzatzea. Lana egitea ere garrantzitsua da, baita aisialdiaz gozatzea ere, eta onartu behar dut azkenaldian denbora gutxi pasatzen dudala lagunekin. Ikasturte honetan hori izango da nire erronketako bat: lagunekin gehiagotan egon. Izan ere, horrek ere pilak kargatzen dizkit, eta hurrengo eguneko entrenamenduetara beste umore batekin joaten naiz.

Zenbat denbora daramazu mendian ibiltzen?

26 urtera arte futbolean aritu nintzen, baina adin horrekin peronea apurtu nuen eta laga behar izan nuen. Orduan hasi nintzen mendian ibiltzen, baina duela bi urte serio jarri nintzen.

Gogoratzen duzu zure lehen lasterketa?

Hamar kilometroko lasterketa bat egin nuen, eta hurrengoa 67 kilometrokoa izan zen: Euskal Herria Mendi Erronka. 15 ordu eman nituen ibilbidea burutzeko eta, azkenengoz egin nuenean, 8:40 minutu eman nituen. Oso gogorra izan arren, asko gustatu zitzaidan.

Hamar kilometrokoa motz geratuko zitzaizun...

Ez pentsa, proba ezberdinak dira. Lasterketa laburretan dena eman behar duzu hasieratik; ultrak, aldiz, lasaiagoak dira. Ni ez naiz oso bizkorra, nahiago dut suabe joan, diesela bezala, eta bide luzea egin.

Mendi lasterketak modan daude...

Bai, oso modan. Ermuan burutzen den Hiru Txikiak ikusi besterik ez dago, berehala bukatzen dira dortsalak! Egun horretan oso giro polita sortzen da herrian, eta ni ere Hiru Txikiak Ermua Trail Taldeko kidea naiz.

Garestia da mendi lasterketetan ibiltzea?

Bai, boom itzelaren ondorioz, dena garestitu da. Garrantzitsuena zapatilak dira, zure pneumatikoak direlako, eta nik denboraldi batean hiruzpalau pare apurtu ditzaket! Motxilak ere oso garestiak dira, eta dortsalak zer esanik ez! 2025eko uztailean Val d'Aran UTMB lasterketan parte hartuko dut, Piriniotan, eta dortsalak 170 euro balio du. Bertaraino ere joan behar da, han egon... dirutza!

Zein da zure helburua mendian?

Hobetzen jarraitzea eta gozatzea, orain arte bezala. Lasterketa bat irabaztea zoragarria litzateke, baina oso zaila da, esparru hau asko profesionalizatu delako: jendeak ordu asko sartzen ditu eta kalitate handiko lasterketari asko daude. Gainera, atzetik datozen gazteak oso gogor datoz. Bestalde, nire ametsa da Italiako Tor des Géants lasterketan parte hartzea: 330 kilometro ditu, eta 24.000 metroko desnibel positiboa. Zoramena!

Aurten denboraldia bukatutzat eman duzu. Osatu duzu 2025eko egutegia?

Bai: Euskal Herria Mendi Erronka eta Val d'Araneko trailak egingo ditut. Bestalde, Zegama Aizgorriko dortsala ez bazait tokatzen, Cainejo ultratraila egingo dut, Europako Mendietan. Bitartean entrenatzen jarraituko dut, datorren urtera begira oinarri sendoa izateko.

Ehunmilak probaren helmugan, senide eta lagun ugari batu zen Gorkari ongi etorria emateko. Arg.: Emilio Jose Carral