50. urteurrenerako logoa diseinatzeko lehiaketa antolatu du Txindurrik

Ander Gomez 2024ko urr. 19a, 07:50

Txindurri Txistu eta Dantza taldeak mende erdi beteko du laster eta, ospatzeko, —ekitaldi desberdinak antolatzeaz gain— produktu bereziak kaleratuko dituzte ( kamisetak, tote bag-ak...). Guzti hauek taldearen 50 urteak eta bere nortasuna irudikatuko dituen logotipo batekin grabatuta egotea nahi dute eta lan hori ermuarren esku uztea erabaki dute.

Txindurri TDT-k taldearen 50. urteurrenerako logoa sortzeko lehiaketa antolatu du eta parte hartzera gonbidatu ditu *Ermuko diseinatzaile, artista grafiko eta sortzaileak.

Logoaren diseinua librea da (taldearen izena jartzea ere ez dela beharrezkoa adierazi dute); arau bakarra: kolore bakarra izan beharko du. Originaltasuna, kalitate teknikoa, funtzionaltasuna eta taldearen nortasuna islatzea baloratuko dituzte. Horrez gain, diseinuak euskarri desberdinetan erreproduzitzeko aukera eman behar duela gogoratu dute: digitala, inprimatua eta bordatua.

Diseinuak tdt.dantzarigazteak@gmail.com helbidera bidali daitezke (PNG, PDF edo JPG formatuan) hurrengo datuak gehituta:

  • Izen-abizenak
  • Jaioteguna
  • Helbidea
  • Harremanetarako telfonoa

Bidaltzeko epea abenduaren 8an amaituko da.

Saria

Dantza taldeko kideek eta diseinatzaile grafiko profesionalek osatuko dute epaimahaia eta hautatutako diseinuaren egileak 100 euroko diru-saria jasoko du. Abenduaren 19an jakinaraziko da irabazlea,  Ermua Antzokian egingo den Gabonetako Dantza Ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.