Hurrengo asteko Bertso Jaialdirako sarrerak salgai (eta zozketan)

Drogetenitturri 2024ko urr. 16a, 12:12

San Martin Egunaren bueltan antolatuko jarduera guztien artean, Bertso Jaialdia izan ohi da potenteena. Urriaren 25ean (ostirala) egingo da aurtengoa eta punta-puntako bertsolariek hartuko dute Ermua Antzokiko taula gaina.

Albiste barruan, 2 sarrera bikoitzeko zozketan parte hartzeko lotura.

Datorren asteko ostiralean, San Martineko agenda kulturalaren bueltako bertso jaialdia egingo da Antzokian, 20:30ean hasita. Portadako irudian ikus daitezke oholtzara igoko diren lagun guztiak: Argazki bertikalean, gai-jartzaile lanetan arituko den Eneko Abasolo "Abarkas" iurretarra eta, bere alboan, kantuan arituko diren bertsolari guztiak: Goitik hasita, ezkerretik eskumara, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Aner Peritz; eta azpian, ezkerretik hasita ere, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal eta Beñat Gaztelumendi.

Saiorako sarrerak salgai daude jada, 10 euroan, eta Lobiano Kulturgunean (astelehenetik ostiralera, goizeko 9etatik gaueko 9etara) edo Kutxabanken (kutxazainetan zein webgunean) eskuratu daitezke. Sarrerak online erosteko egin klik hemen.

Zozketa

Bertso Jaialdirako lau sarrera oparituko dira Drogetenitturri.eus atarian (2 sarrera bikoitz). Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete hemen: SAN MARTIN BERTSO JAIALDIA (ZOZKETA). Datorren asteazkenean (urriaren 23an) amaituko da izena emateko epea eta irabazlea lotura horretan bertan jakinaraziko da, eguerdi aldera.
Animatu eta parte hartu!