Calderon eta Fernandez epaileak omenduko dituzte gaur Mikologiaren Lagunek

Ander Gomez 2024ko urr. 17a, 15:01

Gaur ospatuko da Mikologia Jardunaldien programako lehen ekitaldi nagusia, "Kirol Gala", eta bertan omenduko dituzte Marta Fernandez eta Maialen Calderon eskubaloiko epaile ermuarrak. Hurrengo egunetan hitzaldi, perretxiko-dastaketa eta erakusketak egongo dira, eta Ermuko Mikologiaren Lagunen Elkarteko kideek jarduera guztietara gerturatzeko gonbita luzatu diete herritarrei.

Mikologia Jardunaldien programako ekitaldi nagusiak gaurtik hilaren 20ra bitartean gauzatuko dira.

Kirol Gala

Jardunaldien baitan, kirolaren mundura lotuta dauden ermuarrei errekonozimendua egin ohi diete Mikologiaren Lagunek. Aurtengo omenduak Ohorezko mailan diharduten eta Euskal Federazioko ordezkari diren Marta Fernandez Lafuente (Ermua, 1999) eta Maialen Calderon Duñabeitia (Ermua, 1999) eskubaloi epaileak izango dira. Ekitaldia gaur arratsaldean egingo da, 19:00etan, Orbe Kardinalaren plazan.

'Jangarriak eta toxikoak' hitzaldia

Usainean, kolorean, forman... antzerakoak diren espezieak bereizten ikasteko eta intoxikazioak saihesteko hitzaldia antolatu dute Lobiano Kulturgunean. Bihar egingo da, arratsaldeko 7etan hasita, eta Pablo Garcia Azkarate Bizkaiko Mikologia Elkarteko lehendakaria eta Ermuko Mikologiaren Lagunen Elkarteko kide Pedro Castro egongo dira hizlari.

Erakusketak, dastaketa eta opari-banaketa

Egun potoloa, ordea, urriaren 20a izango da (domeka): Goizeko 11etatik aurrera, XXXVII. Perretxiko Erakusketa muntatuko dute plazan; aldi berean, Ermuko ikastetxeetako haurrek tailer mikologikoetan egindako eskulanak erakutsiko dituzte; perretxiko dastaketa ere egongo da, Alboka Musika Eskolako trikitilariek girotuta; eta bukatzeko, 13:00etan, opari-banaketa egingo da kolaboratzaileen artean.