Abeletxe Egoitzako eta Eguneko Zentroko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo (asteazkena) eta Vitalia Home enpresarekin bizi duten egoeraren berri eman zuten.
"Egoiliarrei langileoi bezainbeste kaltetzen die egoera honek"
Langile ordezkatze ezak eta eguneroko zereginei aurre egiteko baliabide faltak sortzen dizkien lan-gainkarga fisiko zein psikologikoak salatu dituzte. Gabezia horiek plantillako langileen artean estresa eta antsietatea bezalako ondorioak sortu dituela azaldu dute, "langileen osasunari kalte eginez". Horrek, aldi berean, egoiliarren arretan eta errutinetan eragin negatiboa duela diote, "enpresak bere lehentasuna 'egoiliarrak zaintzea eta artatzea' dela dioen arren".
Kexen aurrean, zigor eta kaleratze gehiago
Langileek, batzordearekin batera, kexak helarazi dizkiote enpresari, "zeregin eta erantzukizunen areagotzearen ingurukoak eta baita karteldegirik zein urteko egutegirik ez egotearen ingurukoak ere". Baina enpresaren erantzuna ez da espero bezalakoa izan: "langileon kexen aurrean, zigor eta kaleratze gehiago egon dira".
Horren aurrean, langileek "nahikoa dela" esan dute: "Muturrera garamatzate eta ez dugu onartuko justifikatu gabeko zehapen gehiagorik, ezta kaleratzerik ere". Enpresa kudeatzaileari "baliabide gehiago eskaintzea eta zigorrak etetea" eskatzen diote.
Zaintza sistema aldatzeko beharra
Gaur egungo zaintza ereduak funtzionatzen ez duela diote, "kapitala bizitzaren gainetik" jartzen duelako: "Premiazkoa da pertsonak eta haien ongizatea lehenetsiko dituen aldaketa bat, enpresa pribatuen etekin ekonomikoen gainetik. Egoitzetako langileak ez gara bigarren mailakoak. Funtsezkoak eta ezinbestekoak gara lehen lerroan, eta Abeletxeko egoera ezegonkorra da".