Aita-semeak txapeldun

Ander Gomez 2024ko urr. 29a, 11:31

Elorrion eman dute asteburua Ermuko Txirrindulariko kideek eta emaitza bikainak lortu dituzte lokatzez beteriko zirkuituan: Aitor eta Telmo Hernandez aita-semeek urrea egin dute elite eta infantil kategorietan, hurrenez hurren.

Ermuko Txirrindulari eskolako haur eta gazteek Txiki Kopa jokatu zuten zapatuan Elorrion. Lokatza izan zuten erronka, baina "disfrutatuz" eta "oso gustura" aritu zirela kontatu dute. Ermuko Txirrindulari Elkarteko nagusiak harro mintzatu dira haiek guztietaz: "Euriak, lokatzak... ezerk ez gaitu gelditzen, gu beti topera. Aupa zuek!".

Gainera, eguna borobiltzeko, Telmo Hernandezek garaipena lortu zuen infantil kategorian eta lehenengo postuan dago Bizkaiko Txiki Koparen sailkapenean.

Beste garaipen bat lortu du Aitor Hernandezek, denboraldia hasi berritan

Igandean, Elorrioko Ziklo-krosaren 47. edizioan hartu du parte Aitor Hernandezek eta, bigarrenez denboraldi honetan, urrezko domina lortu du. Elite kategoriako txirrindulari ermuarrak adierazi duenez, lasterketa honek "baldintza ezinhobeak" zituen, gauean euria egin eta lasterketan zehar gelditu zelako. Horrek zirkuitua lokatzez bete zuen eta, horrela, bere "bertsiorik onena" atera ahal izan zuela kontatu du: "Asko disfrutatzen ari naiz denboraldiko lehen lasterketa hauek eta uste dut emaitzak lortzerako orduan igartzen dela hori".

Bi aste atzera, denboraldiko lehen lasterketa irabazi zuen Urduñan. Pasa den asteburuan, podiuma lortu zuen (bigarren postua) Villarcayon, Gonzalo Inguanzoren atzetik; eta horren bezperan laugarren postua egin zuen Medina de Pomarren, egutegi nazionalaren beste ekitaldi batean.