Mexico Rebelde jardunaldiak ospatuko dira bi asteotan Ermuan

Ander Gomez 2024ko aza. 13a, 07:30

Ostiral honetan kontzertua eta dj saioa egongo dira Eskilarapekon, datorren asteartean dokumentala proiektatuko da eta hurrengo asteko domekara arte altxamendu zapatistaren inguruko argazki erakusketa egongo da ikusgai Infreñu tabernan.

Aurten, Komite Internazionalistak antolatutako Mexico Rebelde jardunaldiek bat egingo dute 1994ko zapatisten matxinadaren 30. urteurrenarekin. Hamaseigarren edizioa izango da eta honakoak dira programatu dituzten ekintzak:

Argazki erakusketa

Lumaltik elkarteak prestatutako "1994-2024: Altxamendu Zapatistak 30 urte" argazki erakusketa dago astelehenetik Infreñu tabernan eta azaroaren 24ra arte egongo da ikusgai.

Musika emanaldia

Ostiralean, hilak 15, AIAMA taldeak kontzertua eskainiko du Eskilarapeko Ateneoan. Kontzertua 22:00etan hasiko da eta amaitzean DJ saioa hasiko da. Jan-edan mexikarra eskainiko da (takoak, tekila...) eta bildutako dirua Chiapasko zapatisten komunitateetara bideratuko dute.

Zine-foruma

Azaroaren 19an, Andrea Cegna zuzendariaren "EZLN: 30 años de amor y rabia" dokumentala proiektatuko da Eskilarapekon, arratsaldeko 19:00etan.

Proiekzioaren ondoren, Mexikoko egungo egoeraren inguruan jarduteko aukera izango dute bertaratutakoek: KI Ermuatik azaldu dutenez, "Mexikoko iparraldeko muga odoleztatu zuen narkoaren gerra, apurka-apurka herrialde osora hedatu zena, hego-ekialdera eta hegoaldeko mugara ere iristen ari da. Chiapasen gerra kontrainsurgente baten kutsua hartu du narkotrafikoaren biolentziak, komunitateen eta ingurumenaren kontura megaproiektuak inposatzeko multinazionalek duten interesekin bat egiten duelako".