Igaro berri den uda oparoa izan da zuretzako kirol esparruan...
Bai, bi domina lortu ditut hondartza-eskubaloian. Lehena, urrezkoa, Euskadiko Selekzioarekin irabazi nuen uztailean, La Manga del Mar Menorren (Murtzia) jokatu zen Espainiako txapelketan. Bigarrena, zilarrezkoa, abuztuan lortu nuen, Zarautzko taldearekin jokatu nuen taldeen txapelketan, Cadizen. Oso pozik nago!
Nola aukeratu zintuzten txapelketa hauetan parte hartzeko?
Iaz, Errotabarri taldeak jakinarazi zigun Euskadiko Selekzioak entrenamendu irekia egingo zuela hondartza-eskubaloirako Sestaon. Hasieran ez nintzen animatu, baina bigarren saioan parte hartu nuen eta udan burutuko zen txapelketarako hautatu ninduten. Valentzian izan zen baina, bi partidu jokatu eta gero, bertan behera geratu zen, oso eguraldi txarra zegoelako. Aurten zuzenean deitu naute txapelketara joateko. Horren ostean, Zarautzko taldeak ere deitu dit haiekin batera Espainiako txapelketan parte hartzeko, taldekako kategorian. Abuztu erdialdean lehiatu ginen, Cadizen, eta bigarren geratu ginen.
Hondartza-eskubaloia disziplina berria da?
Ez, esango nuke betidanik existitu dela. Kontua da orain, pistan jokatzen duten jokalari asko hondartzan jokatzen hasi direla udan eta ondorioz, gero eta kirol ezagunagoa da.
Zeintzuk dira pista-eskubaloiaren eta hondartza-eskubaloiaren arteko ezberdintasunak?
Antzeko jokoa da, baina arauak guztiz ezberdinak dira: posizioak, golak, baloia, jokalekuaren tamaina, taldekideen kopurua... Bestalde, hondartzan jokoa dinamikoagoa da eta, harea dagoenez, gehiago nekatzen du.
Eguraldiak eragina dauka jokoan?
Bai, beste batzuk ez bezala, gu oso ondo moldatzen gara euriarekin, adibidez. Andaluziarrek edo murtziarrek, ordea, guk baino hobeto jasaten dute eguzkia eta beroa...
Izan ere, Andaluziako eta Murtziako selekzioak ziren txapelketa irabazteko aukera gehien zituztenak, ezta?
Bai, hasiera faseko ligaxkan galdu egin genuen Murtziaren kontra. Bagenekien talde indartsua zela, eta gainera etxean jokatzen zuten..., baina ez genuen ilusioa galdu. Gero, final laurdenetan Andaluzia hartu genuen mendean, nahiz eta faboritoa izan, eta horrek sekulako poza eman zigun! Finalean Murtzia izan genuen aurrean berriro ere, eta irabazi genuen!
Zer nolako esperientzia izan da txapelketa hauetan parte hartzea?
Oso polita. Gainera, jende asko ezagutzeko aukera izan dut, eta Selekzioan aspaldi egin nituen lagunak ikusteko ere. Ibilbide honetan ezinbestekoa izan da entrenatzaile eta taldekide guztien laguntza.
Pistan ere Euskadiko Selekzioarekin jokatzen duzu?
Bai, dagoeneko Espainiako bi txapelketetan parte hartu dut Selekzioarekin, baina aurten hautatzaile berria dugu, eta jokalari guztiak ezagutzen ari gaitu. Momentu honetan 24 neska geratzen gara berak egindako lehen hautaketa horretan, eta hortik irtengo da urtarrilean Espainiako Txapelketa jokatuko duen 16 laguneko taldea. Ikusiko dugu. Horrez gain, Espainiako Selekzioaren deia jaso nuen iaz, eta hainbat konzentrazio eta entrenamendu egin ditut dagoeneko haiekin. Azkena aurtengo irailean, Granadan.
Nola ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara?
Gustatuko litzaidake eskubaloian jokatzen jarraitzea, eta ahal bada, Iberdrola Ligako edo Urrezko Ohorezko Mailako talderen batean jokatzea. Eta kirola, nola ez, ikasketekin uztartzea.