Azaroaren 16an, zapatuan, Bacalaos Alkorta - Txapeldunen Txapelduna lehiaketaren VI. edizioa ospatu zen eta bertan izan ziren toki eta maila desberdinetako pintxo lehiaketen irabazleak (Eibar, Ermua, Elgoibar, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lehiaketetakoak).
Kiskak "Ermuko txapeldun" bezala hartu zuen parte, oraingo honetan sukaldari bakarrarekin: Julen Perez. Bera izan zen Xabi Perezekin batera sortutako pintxoa prestatzearen eta epaimahaiaren aurrean defendatzearen arduradun. Azaldu zuenez, aurkeztutako pintxoak hurrengo osagaiak zituen: "Frijitutako buñuelo orea, piperbeltz beltz eta patata parmentierra, berakatz eta pipermin oliotan egindako bakailao brandada, eta amuarrain arrabak".
Kiskak aurkeztutako proposamena. Argazkia: Kiska.
Txapeldun guztien lanen artean erabakitzeko zailtasunak izan zituen epaimahaiak, baina azkenean Arabako pintxo lehiaketako irabazleari (Borda Berri erretegiko Mitxel Suarezi) eman zioten Txapeldunen Txapelduna saria. Dena den, Julen Perez ez zen esku hutsik bueltatu: Debabarreneko pintxo onenaren titulua eskuratu zuen Kiskaren eta Ermuaren izenean.