Axpe Aja, krosean Espainiako txapeldunorde bere taldekideekin

Estibalitz González 2024ko aza. 20a, 07:02

Igande goizean Sevillan jokatu zen Espainiako Kros txapelketan, taldeka 20 urtetik beherako modalitatean bigarren sailkatu zen Durangoko Bidezabal Atletismo taldea, Axpe Aja ermuarra tarteko zelarik. Argazkiak: Isidoro Hernández.

Santiponce udalerri sevillarrean ospatu da aurtengo Italica Kros txapelketa eta kluben arteko nesken kategorian Bidezabal taldea bigarren geratu zen, Castellongo Facsa taldeko atleten atzetik. Axpe Aja Aldalur, 16 urteko atleta, Durangoko seikote irabazlean egon zen. 

Taldea Zornotzako krosera aurkeztu zen, Espainiakorako klasifikatzeko bidea zelako eta irabazi egin zuten. 18 urtetik beherako kategorian korritzen du Axpek, baina entrenatzaileek 20tik beherakoen hurrengo kategorian jokatzeko aukera eskaini zieten berari eta beste bi korrikalariri. Sevillan “lan txukuna eginda” Europako Kros txapelketarako klasifikazioa lortu dute eta ilusio handiz begiratzen diote taldetik otsailaren 2an, Portugaleko Albufeiran ospatuko den nazioartekoari. Hemendik aurrera gogor eta gogoz entrenatzea tokatzen zaie tokatu ere.