Azaroaren 16tik 26ra ospatzen da Europako Hondakinak Murrizteko Astea. Toki eta mota guztietako eragileak ari dira sentsibilizazio jarduerak antolatzen eta, hemen, Debabarreneko Mankomunitatea ari da hondakinak murrizteari buruzko kontzientziazio ekintzak egiten. Oraingoan, "Ermuko hezkuntza-komunitatea inplikatzea" erabaki zuela adierazi zuen, "bertako hondakinen bereizketaren benetako egoera ikusteko".
Zer topatu zuten ikasleek edukiontzi grisean?
Atzo, asteazkena, errefusaren edukiontzi grisera botatzen diren hondakin birziklagarrien kopurua aztertu ahal izan zuten LHko ikasleek. Eskualdeko beste herrietan egindako karakterizazioetan frogatu bezala, edukiontzi grisean utzitako gehiena birziklatu ahalko litzateke: "errefus-edukiontziko hondakinen %30a bakarrik dago behar bezala utzita". Gaizki utzitako beste %70 hori Zubietako plantan erraustea besterik ezin dela egin kontatu zuten; ingurumenari kalte larriak dakarzkiolarik, diru aldetik kostu handia suposatzen duelarik… Guzti hau esplikatuta, Ermuko gaztetxoenak kontzientziatzen saiatu ziren Mankomunitateko kideak, hondakinak murriztu eta eskualde garbiagoa izan dezagun etorkizunean.