Gabonetako apaingarri lehia dendarien eta bizilagunen artean

Ander Gomez 2024ko aza. 23a, 08:01

Argazkia: DendaGo.

Gertu dira Gabonak eta Ermuko txoko desberdinak apainduz sari politak irabazteko aukera dute herritarrek martxan dauden bi lehiaketetan: Udalak antolatutako Eguberrietako Erakusleihoena eta EMOEk zabaldu berri duen Gabonetako Balkoiena. Azken honen izen-ematea abenduaren 16ra arte egin daiteke, baina erakusleihoenera inskribatzeko epea bihar amaituko da.

Ermuko Udalak, urtero bezala, udalerriko merkatari, ostalari eta bestelako zerbitzuak eskaintzen duten komertzioei zuzendutako lehiaketa antolatu du, euren erakusleihoak apaindu ditzaten. Saria "forja artistikoan egindako pispillu eskultura" izango da, "burdinari lotuta dagoen herriaren lehena eta oraina balioan jarriz, bere zuhaitz sinbolikoarekin", azaldu dute Udaletik.

Erakusleihoak inskribatzeko azken eguna

Erakusleihoen dekorazioa abenduaren 2tik urtarrilaren 7ra arte ikusgai egon behar diren arren, derrigorrezkoa da aurretik izena ematea eta epe hori bihar amaitzen da (azaroaren 24an, 15:00etan). Hortaz, izena emateko bidali lehenbailehen hurrengo datuak izarracentre@udalermua.net helbidera: Dendaren izena, saltoki mota, saltokiaren IFZ-a, helbidea (kalea eta zenbakia), jabearen izen-abizenak eta harremanetarako telefonoak (mugikorra eta finkoa). Lehiaketaren oinarrien dokumentua irakurgai hemen.

300 eurora arteko bonoak balkoia apaintzearren

Bestalde, EMOE merkatari eta ostalarien elkarteak ermuar guztiei zabaldutako lehiaketa abian jartzea erabaki du. Herritar bakoitzak, etxeko balkoia eta leihoak apainduz, bertako komertzioetan erabiltzeko bonoak (300, 100 eta 50 eurokoak) irabazteko aukera daukate. Irabazleek produktuz betetako saskia ere jasoko dute opari eta inskribatutako guztiek, parte hartzearren soilik,  100 euroko bost bonoren eta 50 euroko hamar bonoren zozketan sartuko dira automatikoki.

Parte hartzeko bete formulario hau harremanetarako datuekin eta apaindutako balkoiaren argazkiarekin.