Ostiralean 'Miñan' antzezlana aurkeztuko da Antzokian eta Mikel Kaye ermuarra izango da taula gainean

Ander Gomez 2024ko aza. 27a, 07:04

Miñan antzezlaneko aktoreak: Eihara Fernández, Mikel Kaye, Sambou Diavy eta Ander Lipus.

Azaroaren 29an, ostiral honetan, Ibrahima Baldek ahoz kontatutako eta Amets Arzallusek idatzitako istorioa taularatuko du Artedrama plataformak, antzezlan formatuan, Ermua Antzokian. Bertan izango da Mikel Kaye Goikoetxea aktore ermuarra eta migrazio abentura honetan agertzen diren 15 pertsonaiatik gora interpretatuko ditu.

Migratu nahi ez zuen migratzaile baten istorioa da Miñan: sorterria, familia eta bere bizitza atzean utzita anaia desagertuaren atzetik Europarako bidea hartu zuen Ibrahima Balde ginearrarena. Ostiralean, bidaia hori errepresentatuko dute Ermuan, lehen pertsonan kontatutako antzezlanean.

Aurrez egondako toki gehienetan sarrerak agortu dituzte eta, gurean, Ermua Antzokiko 500 jarlekuetatik 150 baino gutxiago geratzen dira libre jada. Obra ikusteko interesa dutenek azkar jo beharko dute sarrerak eskuratzera Lobiano Kulturgunera edo Kutxabank-en webgunera (hemen). Bestela, emanaldia 20:30ean hasiko da eta ordu erdi lehenago jo ahalko da leihatilara; hori bai, hatzak gurutzatuz sold out kartela ez aurkitzeko...

Mikel Kayeri elkarrizketa datorren alean

Aste honetan argitaratuko da Drogetenitturri aldizkariaren azaroko alea (338. zenbakia) eta bertan jasoko dira Mikel Kaye Goikoetxea aktore ermuarraren berbak, Miñan antzezlanaren ingurukoak kontatuz: nola lortu zuen proiektura batzea, istorio honek eta bere familiarenak duten lotura, taula gaineko esperientzia nola bizi duen, Ibrahima Balde bera ezagutzeko aukera izan zuenekoa eta etxean —Ermuan— antzezteak zer suposatzen duen berarentzat, besteak beste.


Mikel Kaye promozio bideo labur batean.