Aitor Hernandez: larunbatean pozik, igandean "superpozik"

Ander Gomez 2024ko aza. 26a, 14:10

Argazkiak: @naikefotosport.

Denboraldi hasieratik bikain aritu da Aitor Hernandez, baina oraingoan lortutakoa itzela izan da: Asteburu bakarrean, podiumarekin konformatu ez, lehenengo postu batekin konformatu ez, eta birritan lortu du urrezko domina Ermua Innpulsoko txirrindulariak.

Azaroaren 24an, Ametzaga Zuian izan zen, San Andres Sariaren 38. edizioan konpetitzen. Zirkuitu arabarra "beti oso gogorra" izaten dela dio Hernandezek, baina lasterketa "ondo kudeatzeak" eman ziola garaipena. Emaitza horrekin bakarrik "oso pozik" bukatu bazuen ere, oraindik hurrengo eguneko Lezamako hitzordua zeukan esperoan.

Lezamako Ziklokros Zirkuitoko aurtengo parte-hartzea "oso exijentea" izan zela kontatu du eta, gauzak horrela, "dena eman" behar izan zuela. Lurra siku egonda, lehen bueltan "tartetxoa aterata" eta gerora "erritmoa mantenduta" lortu zuen lehen postua, iaz junior mailako Espainiako txapeldun izandako Hodei Muñoz gaztearen aurretik, 24 segundora. Azaroa garaipen bikoitzarekin amaitzea "ikaragarria" izan dela kontatu du,"superpozik nago hilabete eta erdi eskasean bost garaipen lortu izanagatik".

Gaztetxoenen lasterketa bertan behera

Ermuko Txirrindulari Eskolakoek ere Lezaman zeukaten hitzordua igandean. Baina —Foru Aldunditik adierazi bezala— haize-bolada gogorren arriskuagatik alerta hori eta laranjak aktibatu zituztenez, umeen lasterketak bertan behera uzteko erabakia hartu zuten federaziotik.