'Cuando espabilamos' dokumentala estreinatuko dute igandean

Ander Gomez 2024ko aza. 29a, 07:25

Abenduaren 1ean, igandean, Emakumea Sustatzeko Zentroaren inguruko dokumentala aurkeztuko dute Ermua Antzokian. Eguerdiko 12:00etan hasiko da proiekzioa eta sarrera librea izango da.
Bideoan dokumentalaren mostratxoa ikusgai.

"Cuando espabilamos" proiektuak Ermuko emakumeen ahalduntzean funtsezko izandako Emakumea Sustatzeko Zentroaren sorrera eta garapena jasotzen ditu, bertako ikasle ohien ahozko testigantza bidez. Berauen ekimena izan da eta Iratxe Ugalde, Klemente Corredera eta Sonia Garciaren laguntzarekin gauzatu dute. Abenduaren 1ean estreinatuko da —12:00etan, Ermua Antzokian— eta ermuarrentzat izan dezakeen garrantziagatik herritar guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera.

Bazkaria bezperan

Horrez gain, bihar (larunbata) ESZko ikasle ohientzako eta era batera edo bestera zentroari lotuta sentitzen diren emakumeentzako bazkaria egingo da Merkatu Plazan, gizarte mailan zein kultura alorrean udalerriari egindako ekarpena oroitzeko eta ospatzeko. Izena emateko gerturatu Ermuko Emakumeen Topalekura (Izelaieta Kalea, 12).

Argazki-erakusketa martxoan

Urteurrenaren ospakizuna 2025eko martxoaren lehen hamabostaldian amaituko da, Lobiano Kulturgunean ipiniko den ¡Cuando espabilamos! - Ermuko Emakumea Sustatzeko Zentroaren historia iruditan izeneko erakusketarekin.