Ermuan Bagara eta Euskaraldirako koordinatzailea behar da Ermuan

Ander Gomez 2024ko abe. 3a, 11:24

Ermuko Euskaltzaleen Sareak zabaldutako lan-eskaintzan bost hilabeteko lanaldia ziurtatzen da, urtarrilaren 15etik ekainaren 15era, lau ordutara. Barruan, baldintzak eta lanpostua eskuratuz gero egin beharreko zereginen zerrenda.

Euskaraldia 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da eta, azken egun horretan ere (hilaren 25ean) Ermuan Bagara ospatuko da. Orain, bi ekimen hauen antolakuntzaz eta aktibazioaz arduratuko den koordinatzaile baten bila dago Euskaltzaleen Sarea.

Zereginak

Euskaraldia eta Ermuan Bagara ekimenen baitako eragiletza lanak bere ardurapekoak izango dira eta honako zereginak izangu ditu, besteak beste:

  • Ermuko eragileei eta herritarrei bi ekimenak aurkeztu eta prestakuntza eskaini.
  • Herri batzordeak ahaldundu eta indartzeko ekimenak garatu eta dinamizatzea.
  • Tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu eta ekimenak garatzea.
  • Entitateen lanketa planifikatu eta garatzea.
  • Herritarrak ahobizi/belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatzea.
  • Herritarren eta entitateen izen ematea antolatzea.
  • Balorazio eta aurrera begirako urratsak adostea herriko euskaltzaleekin.
  • Ekimenaren aurrekontua kudeatzea.
  • Dinamizazioa: Antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatzea. Koordinazio orokorreko mintegi eta bileretan parte hartu eta ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta egotea.

Baldintzak

Honako baldintzak betetzea eskatuko zaie hautagaiei:

  • Euskara maila egokia izatea.
  • Ermua ezagutzea.
  • Euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea.
  • Jendaurrean eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea.
  • Eragiletzarako gaitasuna izatea (ekimenak herrian zabaldu eta ekimenetara jendea erakartzeko abilezia).
  • Kudeaketarako gaitasuna izatea.
  • Komunikazio alorreko ezagutza izatea baloratuko da (sare sozialak, bideoen sorrera, webguneen kudeaketa, diseinua, ofimatika,…).
  • Lanerako autonomia maila altua izatea ezinbestekoa da.
  • Ordutegi malgutasuna ezinbestekoa da.

Hautagaitzak ermukoeuskaltzaleensarea@gmail.com helbidera bidali beharko dira, abenduaren 16a baino lehen.