Ikaskuntzaren eta gizarte-eraldaketaren "laborategi" bihurtu zen Ermua

Ander Gomez 2024ko abe. 2a, 07:14

Zapatuan ospatzen zen Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna eta bezperan —aurtengo leloak dioen bezala— Ermua Hiri Hezitzailea ikaskuntza, herritartasun eta eraldaketa-sozialaren laborategi bihurtu zen, Ermuko txikienei zuzendutako ekintza pilarekin. Argazkiak: Estibalitz González.

Nazioarteko Sareak azaroaren 30ean ospatzen du Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna. Ermuko Udalak, ordea, bezperara pasa zuen aurtengo programazioa, sanandresetako Eibarko azokarekin bat egin ez zezan.

Horrela, ostiraleko arratsaldeko 17:00etatik aurrera, plazan antolatutako ekintza desberdinetan disfrutatzeko eta ikasteko aukera izan zuten Ermuko haurrek: Sukaldaritza ikastaroan, etxeko animaliak ondo zaintzen ikasteko tailerrean, eskulan musikalekin, eraikuntza jokoekin, ibilgailu ekologikoetan ibiltzeko txokoan, "eskuekin lurrean" lorezaintza tailerrean... Horrez gain, Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako institutuko Ile-apainketa eta estetika moduluko ikasleen bisita izan zuten, eta aurpegi, atzazkal eta maskara margoketa tailerra jaso zuten haien partetik.