Bilgune bihurtu ziren Emakumeen Sustapenerako Zentroaren 50. urteurrenaren ekitaldiak

Estibalitz González 2024ko abe. 3a, 07:15

Ilusio handia zegoen herriko andre askoren artean azaroko azken asteburu honetarako: bazkaria, dokumentalaren proiekzioa…  Aitzakia ederra zuten batzeko, elkarren berri izan eta besarkatzeko, bizipenak partekatzeko, aitzindariak txalotzeko, eta batez ere eurok, emakume guzti-guztiok emandako pausua omentzeko eta aitortzeko. Argazkiak: Iratxe Ugalde.

“Norbait omenduko duzue?” galderari “Gu guztiok!” izan zen aho beteko erantzuna. Denak sentitzen direlako “Espabilatu” zireneko sasoi hartako parte, herriko historia sozialaren protagonista eta istorio askoren jabe. Guztiek zuten zer kontatu, zer gogoratu… eta esker onez  egiten zuten berba Zentroak euren bizitzetan suposatu zuenaz galdetzean. 

Zapatuko bazkariak eta haren ondorengo dantzaldiak 180 lagun batu zituen Merkatu plazan eta domekako “¡Cuando espabilamos! La historia contada del CPM de Ermua” dokumentalaren estreinaldiak 300 herritar gerturatu zituen Ermua Antzokira. Dokumentala Iratxe Ugalde, Klemen Corredera eta Sonia Garcia ermuarrek gidatu dute, eta Ermuko Udaleko Berdintasun Sailaren laguntza izan du. Hilabete askotako ikerketa lana du atzean eta Zentroko erabiltzaile desberdinen ahozko testigantzak ditu ardatz.

Datorren urteko martxoan irudi erakusketa egingo dute eta lanean ari dira jada. Lehen hamabostaldian zehar jarriko dute Lobianon eta Zentroak zabalik eman zituen 40 urtetik gorako ibilbidea argazkietan batzea du helburu.