Hasteko, 2025eko aurrekontua “entzute aktiboa eginaz (eta ez bulego itxi batetik)" osatu dela azaldu zuen Beatriz Gamiz Mata alkateak. Herritarren partetik jasotako lehentasunak aipatu zituen: Alde batetik mugikortasuna eta irisgarritasuna, “horregatik daude aurrekontuan San Antonioko igogailua, eta espaloi eta leku publiko desberdinen egokitzapena”; eta bestetik espazioen eraberritzea, “hortik Merkatuko plazako erreforma, Bide Berdea, argiztapena, garbiketa, eta arrapala eta igogailuen mantentze-lanak”. Gainontzean izendatutako lehentasunak honakoak izan ziren: “beharra duten norbanako eta familientzako laguntzak, formakuntza eta enplegu programak, kirol eta kultur ekitaldiak eta kolektiboak sustatzea, eta komunikazio kanal berriak irekitzea”.
Elkarrekin Ermuak aurkeztutako zuzenketak
Julen Dominguezek "kontinuista" bezala kalifikatu zuen aurrekontua, "Izarra Zentroari begira" egindakoa eta "180º-ko bira" eman beharra zeukana; eta sei zuzenketa proposatu zituen:
- Garbiketa aurrekontua handitzea, “besteren artean, Eibarrek egin bezala garbiketa material gehiago erosteko”.
- Txakur-errolda sortzea (DNA erregistroarekin), “txakur kaken arazoa eteteko ahaleginean”.
- Udal Banka Publikoa sortzea, “komertzio txikiari laguntzeko”.
- ‘Objetuteka’ bat sortzea, “egunero ez baina noizbehinka etxean behar diren objetuak maileguan hartzeko aukera eskainiz (taladroa adibide bezala) eta ekonomia zirkularra sustatuz”.
- San Pelaioko kartelaren eguneraketa, “askotan aurkeztu dugulako eta pertsonalki konpromisoa hartu nuelako Pleno Txikiko haurrekin”.
- Liberatuen soldata murriztea, “aurrezkia handitzeko eta murrizketarekin ere soldata duinak direla uste dugulako”.
Gobernu-taldearen erantzuna
EAJko zinegotzi Jol Gisasolak hartu zuen hitza lehenengo, esanez “pasa den aurrekontuetako zuzenketa berdinei, erantzun berberekin” zetorrela. Txakur-kaken inguruan arazoa ez dela “ez 60.000 eurorekin, ez 600.000rekin amaituko” esan zuen eta sistema hori inplementatu duten herriak jarri zituen adibide: “ez du funtzionatzen eta ez dute arazoarekin bukatzeko esperantzarik”. Eibarko garbiketaren aipamenari ere erantzun zion, “adibide ez dela” esanez: “Mankomuniteak esplikatu bezala, Eibarren ‘aparteko egoera bat’ ikusi eta diru estra bat bideratu dutelako bertara”. Bukatzeko, soldaten zuzenketa ez dela “ez bideragarri, ez logikoa” esan zuen eta espero duela Ermura datozen enpresek “modu horretan” ez jardutea, “langileei Ermuko errealitate sozio-ekonomikoaren arabera ordaintzen”.
Beatriz Gamiz alkateak gehitu zuen Banka Publikoa sortzeko proposatutako 20.000 euroak "oso eskas" geldituko zirela: "bospasei komertziori laguntzeko besterik ez du ematen horrek". Objektutekaren bueltan, "antzerako": "Zuzenketak ez ditu jasotzen lanaz arduratuko den pertsonalaren gastuak, eta behar eta eskari handiagoa beharko litzatekeela uste dugu". Soldaten murrizketaren kasuan, Gisasolak esandakoari gehitu zion "eskaera populista" dela, impaktu ekonomikoa "minimoa" izango zela ("aurrekontuaren 0,72a da zuzenketan proposatzen den aurrezkia") eta eragina izan dezakeela "talentu politikoa erakartzerako orduan". Bestalde, San Pelaioko kartelak "lehenbailehen" ipiniko direla agindu zuen.
Juan Carlos Abascal zinegotziak ere hartu zuen hitza, bere kargu uztearen Osoko Bilkurako puntua heldu aurretik. Aurrekontua kontinuista dela esateko "arazorik ez" duela dio, "gauzak ondo egiten ari garen seinale da: Hirugarren urtez jarraian kondekoratu gaituzte Europa mailan Udal honetan egindako kudeaketagatik". Horrez gain, garbiketaren puntuari dagokionez, esan zuen ez dagoela "Izarra Zentrora bideratzen den eta garbiketa baldintzatzen duen partidarik". Fake new bezala kalifikatu zuen eta garbi utzi nahi izan zuen "Promosaren kontuak alde batetik" doazela eta "Udalarenak beste batetik".
EH Bilduren kritika eta proposamenak
Aurrekontuak “aurreko urteetako inertziarekin” jarraitzen duela zeritzon Paul Yarzak, “erretorika, teknozentrismo eta 'grandilokuentzia' askorekin”. Lau eremu estrategikook kritikatu zituen:
- Hiri-eraberritzea: "Uste dugu ez dela behar adina sakondu eta Hirigintza Sailak aurrera eramateko pisu ekomiko nahikorik ez duela".
- Hiri Hezitzailea: “Zortzi urtean ez delako Ermua Lagunkoia eta Haur Kontseilutik haratagoko ezer egin”.
- Ekonomia: “Uste dugu Udal honek ez duela gihar-finantzario nahikorik eta udalaz gaindiko erakunde batek izan beharko lukeela ardura hori (adib.: Debegesa)”.
- Gobernantza: "Aldaketa-prozesuak lantzen ari direla argi dagoen arren, aldaketak momentuan egin beharrean behin eta berriz atzeratzen direlako".
Hori guztia kontuan hartuta, ezin zutela aurrekontuen alde bozkatu esan zuen. Dena den, iaz EH Bilduk egindako proposamen ugari "kontuan hartzea eta 2025eko aurrekontuetan sartzea" eskertu zuen Yarzak, eta aurten ere zuzenketarik aurkeztuko ez zutela, baina bai bost proiektutan aurrera egiteko beharra:
- Okinzuriko igogailua: "Bizilagunekin hitz eginda eta egoera aztertuta, uste dugu gehienez bi urteko epean martxan egon beharko zukeela".
- Gipuzkoa Etorbideko partaidetza-prozesua: "Aukera asko daude: tren geltoki bakarra Idesan, espaloiak handitzea, bidegorria egitea...".
- Urko Mendiko Planari ekitea: "Aisialdi jardueren gainetik, ingurumenaren eta paisaiaren kontserbazioa bermatuko duen araudia ezartzeko".
-
Hiri-inguruko lurrak Udalak erosi edo bere gain hartzeko hitzarmena: "Abandonatutako lur-sailek eragiten dituzten arazoak ekiditeko (Aldapako madariondoa edo etxeetako leihoetara iristen diren zuhaitzak kasu)".
- Zuhaiztiaren azterlan integrala: "Guztiz eraberritu beharra dago eta irla klimatikoak sortzeko aukera aztertu".
Gobernu-taldearen erantzuna
Alkateak erantzun zuen "inertziaren kontua bidegabea eta funtsik gabekoa" zela eta kontinuismoa egotekotan "funtzionatzen duten neurrietan" dagoela. "Antzeko tamainako beste udalerri batzuekin alderatuta, aurrekontu-gauzatze tasarik altuenetakoa dugu. Horrek esan nahi du planifikatzeaz gain, bete ere egiten dugula". Urkoren planarekin "bat" egiten duela azaldu zuen; ez ordea Idesaren orubearen kasuarekin: "Bisio integral batekin egindako estrategia bat" behar duela uste du eta ez "puntu bakar batean eragitea (adibidez, espaloia), arazo larriak ekar ditzakeelako epe ertainera".
Okinzuriko igogailuaren harira, Gisasolak esan zuen orain arte ipinitako igogailu guztiek "EH Bilduren kontrako botoa" izan dutela eta aurrekontu honetakoarekin (San Antoniokoarekin) "berdina" egin behar zutela. Gaineratu zuen Okinzuriko bizilagunei ez zaiela igogailua ukatzen: "2025erako bizilagun gehiagori eragingo diona lehenetsi dugu, baina Okinzurikoa landuko den hurrengoa izango da".
Abascalek ere EH Bildutik "25-30 urteotan jasotako ezezko denak" azpimarratu zituen eta hiri-eraberritze planarekin "orain etortzea" leporatu zien, "urteetan 'zementu' bezala definitu ostean": "Babes Ofizialeko Etxebizitzekin egindako lanari esker ehunka pertsonek Ermuan bizitzeko aukera dute gaur". Udalaren "gihar-finantzario ezari" erantzun zion esanez Debegesaren kapital soziala "2 milioi eurokoa" dela eta "Udal honen sozietate publikoarena, berriz, 17 milioikoa". Bukatzeko, esan zuen inertzia egon bazegoela, baina oposizioaren aldetik, "urtero bezala, aurrekontuak 'ondo ikasteko' denbora hartu ez izanagatik eta landu gabeko proposamen berberak aurkeztearren".
Bozketaren emaitza
Beatriz Gamiz alkateak itxi zuen debatea, atzokoa "desadostasunetatik haratago doan eztabaida" zela eta "egiten den lanaren isla" dela esanez: "Hau ez da politika ariketa bat, erantzukizun ariketa baizik.Gobernatzeak esan nahi du 'ezetz' esatea epe laburreko zenbait proposamenei, arduraz jokatuz, biharko Ermua herritarrek 'benetan' nahi duten bezalakoa izan dadin".
Ondoren, bozketari ekin zioten:
- Elkarrekin Ermua Udal Taldeak 2025eko Aurrekontuari aurkeztutako zuzenketak: Taldeak berak bakarrik eman zuen aldeko botoa; gobernu-taldeko kideek (PSE-EE eta EAJ) kontrakoa eman zuen; eta EH Bildu abstenitu zen.
- 2025eko Ekitaldiko Aurrekontu Orokorraren onespena, eranskinak eta lanpostuen zerrendaren aldaketa: PSE-EE eta EAJ-PNVk aldeko botoa eman zuten, EH Bildu abstenitu zen eta Elkarrekin Ermuak kontra bozkatu zuen.