Santa Ana auzoa eraldatzeko 2024an emandako aurrerapausuak eta 2025erako asmoak

Drogetenitturri 2024ko abe. 23a, 07:36

Gabonetako topaketa Santa Ana auzoko drOp bulegoan. Argazkia: Udala.

Pasa den astean, Santa Ana auzoko bizilagunek Gabonetako topaketa egin zuten drOp bulegoan, programaren baitan egindako lana ospatzeko eta, errekonozimendua jasota, datorren urtean egingo diren ekintzak gogoz hartzeko. Albiste barruan proiektu nabarmenenak, bai urtean zehar garatu eta inplementatu direnak, bai etorkizunerako planifikatu dituztenak.

drOp proiektua Europako Batzordeak finantzatzen du eta etxebizitza sozialeko guneak 'auzo adimentsu' eta inklusibo bihurtzea du helburu. Hiru hiri daude programa honetan: Estoniako Elva, Italiako Matera eta Ermua bera. Hemen, Santa Ana auzoa aukeratu da ikerketa planaren proba pilotu gisa. Bertatik ateratako esperientziak eta ikaskuntzak —Ermuko gainontzeko auzoentzat baliagarri izateaz gain— Europa osoko hiriekin partekatuko dira.

Jarraian, drOp proiektuaren baitan 2024an egindako ekintza nabarmenenak:

Mapathon komunitarioa

Auzoko leku zehatzak mapa batean kokatu eta dokumentatu dira Mapathon partaidetza-dinamikaren bidez. Taldeek auzoko eremu osoa zeharkatu dute, funtsezko puntuak identifikatuz eta haien pertzepzioak eta ideiak bateratuz. Horri esker, tokiko beharren azterketa sakona egin ahal izan da. Mapatzea geolokalizazioko aplikazio mugikor baten bidez egin da, drOp proiektuak horretarako espreski diseinatuta.

Energia-komunitateen tailerra

Gaian adituak diren pertsonen eskutik, informazio-saio honek aukera eman die Santa Anako bizilagunei energia-komunitateak zer diren eta dauden ereduak zeintzuk diren jakiteko. Santa Anako eguzki-potentzialaren azterketa egin da, eta iraunkortasun energetikoa lantzen jarraitzen da, drOp proiektuaren ardatz nagusietakoa.

Hirigintzako esku-hartzea San Roken

Egoiliarrek Mapathon jarduerako interesgune gisa identifikatu ondoren, aparkaleku gisa erabiltzen zen irteerarik gabeko kale bat espazio publiko bihurtu da aldi baterako. Hirigintza taktikoaren bidez (espazio publikoan aldaketa sinpleak esperimentatzea eskatzen du, hura behatzeko eta erabiltzen ikasteko), hiri-altzariak eta dekorazio elementuak instalatu dira. Bildutako auzokideen iritziek bideratuko dute behin betiko diseinua 2025ean, eta arkitektura-estudio batek egingo du proiektua.

Santa Ana auzoko kalean, lurrean, koloretako jolasak margotu dira | Se han pintado juegos de colores en el asfalto de una calle del barrio Santa Ana

Auzo Bulegoaren inaugurazioa

Santa Ana erdigunean dagoen gune honek ateak ireki ditu auzoan bizi diren pertsonentzako arreta eta topaleku gisa. Bulegoak etxebizitzak birgaitzeko eta energia-fakturak kudeatzeko dauden laguntzei buruzko aholkularitza teknikoa eta juridikoa eskaintzen du, bai eta drOp proiektuan gauzatutako partaidetza-ekimenei buruzko informazioa ere.

Medikazioa hartzeko adimendun zerbitzuaren aurkezpena Santa Ana auzoko bulegoan | Presentación del servicio inteligente para la toma de medicamentos en la oficina de barrio de Santa Ana

Zaintza Programa Integrala

Adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko programa honen esparruan, auzoko biztanleen eskura doako bi zerbitzu digital jarri dira: bata, mugikortasun funtzionala ebaluatzeko eta erorketa-arriskuak prebenitzeko, "BIHAR Ibili" teknologia aurreratua erabiliz; eta bestea, Fagor Healthcarerekin lankidetzan, pilulen banatzaile automatikoen sistema berritzaile bat eskaintzeko, medikazioaren kudeaketa errazteko diseinatua, erabiltzaileei eta haien senideei segurtasun eta lasaitasun handiagoa emanez.


2025ean lanean jarraituko dute

Datorren urtean, drOp proiektuak aurrera jarraituko duela adierazi dute, "Santa Ana auzoko bizi-kalitatea hobetzeko ekintza eta proposamen berriekin". Aurreikusitako ekimenen artean, hauek nabarmentzen dira:

  • Horma-irudi baten margoketa (egoiliarrek adierazitako kontzeptuekin).
  • Plaka fotovoltaikoak instalatzea.
  • Espazio publiko gehiagoren erabaerritzea (arkitektura estudio desberdinekin lanean).
  • Komunitatearen gaitasunen garapena sustatzeko eta dibertsifikatzeko prestakuntza-eskaintza desberdinak.

Auzo Bulegoak eskerrak ditu "aurten jasotako laguntzagatik" eta espero dute "elkarrekin ingurune inklusiboagoa eta berritzaileagoa eraikitzen jarraitzea". Espazio hori "komunitatearen eskura" dagoela gogorarazi dute, Santa Ana 1 kaleko 12. zenbakian: astelehenetan (16:00-19:00), astearteetan (13:00-15:00) eta ostegunetan (13:00-15:00). Bestela, oficinadebarrio@udalermua.net helbidera idatzita edo 609 290 218 telefonora deituta.