Zenbat entrenatzen duzu?
Astelehenetik larunbatera entrenatzen dut, 2 ordu edo 2 ordu eta erdiko saioetan, eta egunaren arabera entrenamendua ezberdina izaten da: astelehenetan distantzia luzeko entrenamenduak egiten ditugu (400 metrotik 3.000 metrotara bitartean); astearteetan eta ostegunetan, abiadura lantzen dugu; asteazkenetan, erritmoak; eta ostiraletan eta larunbatetan muturreko entrenamenduak egiten ditugu: ariketa pilo bat, atsedenaldi txikiekin. Horri esker gorputza noraino heldu daitekeen ikus dezakegu. Bestalde, egunero noa gimnasiora ordu erdiz gutxienez, eta dominadak, sentadillak eta banku press-ak egiten ditut batez ere.
Denbora asko igarotzen duzu uretan…
Bai, hiruzpalau ordu egunean, hau da, 30 ordu inguru astean. Urak lasaitasuna ematen dit, eta gustura nago bertan. Beti esaten dut uretako pertsona naizela: uretatik kanpo ondo egon naiteke, baina uretan bezala, inon ere ez.
Zer behar da igerilari ona izateko?
Teknika ona izatea ezinbestekoa da. Hortik aurrera, batzuk distantzia luzeetan jardun nahi dute, eta beste batzuk nahiago dute abiadura landu.
Eta zuk zer duzu gustukoa?
Ni proba luzeetan aritzen naiz, estilo guztietan: tximeleta, bizkar, bular eta crawl. Beharbada bizkarrez ibiltzen naiz gehiago, baina teknika hobetu beharra daukat estilo guztietan.
Zeintzuk dira zure indarguneak eta ahulguneak?
Indargunea, indarra daukadala; ahulgunea, berriz, nire teknika ez dela perfektua, ez nago ezta hurbil ere!
Zer da igeriketa estilo bakoitzetik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Tximeleta estiloa: Gustatzen zait daramazun abiadura oso ezberdina dela. Ez du ematen, baina erritmo berezia du, sentsazio ezberdina ematen dizu. Aldiz, ez zait gustatzen 50 metrotik gora asko nekatzen naizela, kostatzen zait erritmoari eustea.
Bizkar estiloa: Estilo honetan hankak mugitzen dira gehien, eta topera joan naiteke asko nekatu barik. Txarrena da ez dudala abiadura handia hartzen. Hori da hobetu behar dudan gauzetako bat, eta lantzen ari naiz.
Bular estiloa: Gustuko estiloa daukat, polita iruditzen zait eta ez diot kontrako ezaugarririk ikusten.
Crawl estiloa: Gustatzen zait, eta teknikoki hobetzen ari naiz.
Igerilekuan edo hondartzan igerian daudenen estiloari erreparatzen diozu?
Bai, automatikoki irteten zait: burua nola mugitzen duten, besoen jarrera... Orokorrean jendeak ez du gaizki egiten, baina guztiek hobetu dezakete teknika. Dena den, igerilekura doaz, eta hori ere asko da!
Gaur egun Euskal Herri mailako txapelketetan zabiltza, kategoria absolutuan. Zer nolako emaitzak lortzen ari zara?
Ondotxo nabil: lehen hamarren artean geratzen naiz beti. Aurreko asteburuan Euskal Herriko 3.000 metroko proba izan nuen, eta bigarren izan nintzen. Abenduaren 27an, aldiz, Donostiako Nazioarteko Txapelketan parte hartuko dut.
Eta zein izan da orain arte lortu duzun emaitzarik onena?
Duela hiruzpalau urte hirugarren egin nuen crawl estiloko 800 metroko proban Euskal Herriko txapelketan, eta 2023an Flysch Beltza igeriketa zeharkaldia irabazi nuen (Mutrikutik Debara).
Zer moduz moldatzen zara itsasoan?
Ondo moldatzen naiz, baina oso desberdina da. Bertan jende asko daukazu ondoan igeri egiten eta oso ohikoak dira ukabilkadak eta ostikadak. Gainera, olatuek eta mareek eragina dute lasterketaren estrategian.
Zein da zure helburua igeriketan?
Espainiako txapelketara heltzea gustatuko litzaidake, eta bide horretan nago.