Zergatik joan zinen Ermutik?
Normalean lanagatik dela erantzuten dut, baina osasun mentalagatik ere izan zen. Ermua txikia den arren, jende asko bizi da bertan, eta handik atera behar nuen: mendi erdian bizi, jende gutxiko herri batean, lasaitasunez inguratuta... Hau ezberdina da, beste erritmo bat, eta buruarentzako oso onuragarria izan zait.
Erabaki zaila izan zen?
Bai eta ez. Nire inguruko inor ez zen harritu, bazekiten noizbait gertatuko zela. Plan osoa aitarekin egin nuen, lagundu nahi baitzidan, batez ere Galiziara etortzearekin, hemengoa baita. Baina gaixotu egin zen eta gero pandemia etorri, beraz, dena bertan behera utzi nuen. Bera zendu eta bi urtera, hobeto nengoelarik, erabakia hartu eta planari ekin nion berriro. Onartu behar dut zaila izan zela amatxo “bakarrik” lagatzea, batez ere amona ez zegoelako oso ondo eta ezin izango nuelako lagundu. Baina ama izan zen horretan gehien tematu zena, eta beti egon izan da nire ondoan, bultzadak ematen.
Zein lan egiten duzu Galizian? Nola hasi zinen horretan?
Tatuatzailea naiz. Karrerako azken urtean hasi nintzen lantxoak egiten, eta nire lagunak izan ziren lehen esperimentuak. Haiek gabe ez nintzateke hemen egongo! Formakuntza bat egin nuen baina, egia esan, YouTuben eta praktikarekin gehiago ikasi nuen ikastaro hartan baino. Berehala oso gustura sentitu nintzen teknikarekin. Hasieran beldur asko nuen tatuaje horiek perfektuak ez ote ziren izango, baina gerora, konfiantza gehiagorekin, konturatu nintzen nire lana izango zela.
Nolakoa da bizi zaren herriko jendea?
Kar-kar. Ez naiz oso ona harremanetan eta lanean ezagutzen dudan jendea da nire erreferentzia bakarra. Gehienetan jende oso polita aurkitzen dut. Hala ere, ezberdintasunak ikusi ditut euskaldunekin, batez ere hitzordu eske datozenean, kar-kar. Euskaldunok oso zakarrak garela esan ohi dute, baina, ikusten dudanagatik, Instagram bidez hitz egiten didatenean txanda eskatzeko, galiziarrak gatzgabeagoak dira.
Zelan moldatzen zara galegoz?
Ez dut askotan galegoz hitz egiten, egia esanda inoiz ez! Ederto ulertzen dut, umetatik etorri izan naizelako Galiziara, eta txikia nintzenean gehiago hitz egiten nuen. Badakit tontakeria bat dela, baina orain lotsa ematen dit. Nire helburuetako bat da galegoari ekitea, nire familiaren hizkuntza baita, eta oso polita gainera!
Zer egiten duzu aisialdian?
Lehen margotu egiten nuen baina, lanean hasi nintzenean, konturatu nintzen jada ez nuela niretzat marrazten: marrazkiak tatuaje batean nola geratuko ziren irudikatzen nuen beti. Psikologoarekin hitz egin ostean, koloreztatzeko koaderno bat erosi nuen, diseinatu baino, margotzeko. Bestalde, pelikulak eta telesailak ere oso gogoko ditut eta beti nago bat edo beste ikusten, diseinatzen egon edo ez. Uste dut asko gustatzen zaizkidala nire mundutik ateratzen nautelako, beste batean sartzeko.
Zerbait botatzen duzu faltan?
Noski. Banekien batez ere lagunak eta ama botako nituela faltan, baina pentsatzen nuena baino sentimentalagoa naiz. Ez naiz beti ateratzen den edota hitz egiten hasten den laguna, eta askorentzat horrelako harremanak zailak edo “txarrak” dira, baina bateria sozial txikia dut eta nire lagunak nirekin daude hori jakin arren. Oso harro nago haietaz, naizen bezala maite naute-eta. Espero dut guztiek nik bezalako zortea izatea horretan, egunero ditut gogoan-eta. Nire amarekin bezala. Ez gara egunero kontaktuan gauden horietakoak, baina goxoago gabiltza joan naizenetik. Beste etapa bat da, ezta? Harremanak eraldatu egiten dira eta uste dut hori ari dela gertatzen amarekin: oso gustukoa daukat elkarrekin sortzen ari garena. Lanari dagokionez, Kristina botatzen dut faltan, berarekin egiten bainuen lan Ermuan: sorpresa ikaragarria izan zen bere garaian, eta ez dut bizitza bera gabe irudikatzen!
Noiz Ermura buelta?
Ba… inguruko jendea asko botatzen dut faltan baina Ermua… kar-kar. Noizbehinka bertara noa, batez ere aitona-amonak eta lagunak ikusteko, baina ez da nire lekua. Orain dela gutxi bertara joan nintzen, tatuaje estudio batean berriro lan egiteko, eta zoragarria izan zen, batez ere Kristinarekin bueltan egotea. Baina aste horrek erakutsi zidan nire lekua Galizia dela. Agian ez Galizia bera, baina bai bertan dudan lasaitasuna.