Gabon Zaharrarekin batera Olentzerori agur

Estibalitz González 2025ko urt. 1a, 17:30

Urteari amaiera emateko urteroko kalejira alaia egin zuten herritarrek eta txikiagoen ilusioa piztuz, Olentzero izan zen protagonista nagusia. Kantuan, bertsotan eta dantzan egin zen ikazkinaren inguruan eta zaharberritzearen sinbolo bezala, plaza erdian sua eman zitzaion, txikiagoen harridurarako. Irudiak: Naroa Beitia, HIart Redondo, Nora Gastón eta Estibalitz González.

Angel Gil izaten da Olentzeroaren irudia egiteaz arduratzen dena eta Txindurri Dantza eta Txistu taldea kalejira eta haren inguruko guztiaren antolaketaz. Alboka musika eskolako trikitilarien laguntza musikalarekin Gabon kantak abesteaz gain, kuadrillen artean suspertutako Gabon Zahar eguneko koplen lehiaketara aurkeztutako bertsoak ere abestu ziren. Aurten inoiz baino kopla gehiago aurkeztu ziren, zehazki hogeita bost, gai desberdinak hizpide hartuta. Loma kuadrilla suertatu zen irabazle eta herriko dendetan gastatzeko 50 euroko saria jaso zuten, pozarren.

Hauxe kopla irabazlea:

Kuadrilla erdia diasporan sartuta,
Hemen gaudenok noraezean galduta,
Pintxopoterik egin ezin dugu ta
Urtean zehar lau katu elkartuta.