Kazetaritza ikasi zenuen...
Bai, baina ez nintzen kazetari gisa aritu, eta gehiago egin nuen alde teknikotik, diseinu grafikotik eta maketaziotik. Ermuan Torreta Gaztea aldizkarian kolaboratu nuen, ondoren Santanderren beste aldizkari batean aritu nintzen...
Baina luthierra zara...
Bokazioz, e! Eta txiripaz, nolabait. Nik beti izan nuen gitarra jotzeko gogoa; bolada batez jotzen ikasten aritu nintzen, eta nire gitarrak konponketak behar izan zituenean, luthierrera eraman beharrean, nik egitea pentsatu nuen. Aldaketak egin nizkion, emaztea eta alabak lagunduta pintura kendu genion, berriro margotu genuen... Jotzeko moduan geratu zen eta soinua zuen. Prozesuarekin hainbeste gozatu nuen, gitarra bat egitea erabaki nuela: zortzi hilabete behar izan nituen, lanean ari bainintzen, eta tarte libreak aprobetxatzen nituelako. Amaitutakoan funtzionatzen zuela eta soinua zuela ikusi nuen, eta zurezko zati soil bat izan ez dadin behar dituen parametroen barruan egitea lortu nuen. Animatu eta gure etxeko behealdean hasi nintzen lanean, oinarri-oinarrizko erremintekin: eskuila, zerra eta ezer gutxi gehiago. Dena eskuz. Lagunek beren gitarrak ekartzen zizkidaten konpontzeko eta puntu-puntuan jartzeko. Horretan nenbilenean itzelean gozatzen nuen. Ondo moldatzen nintzela ikusten nuen. Gitarra jotzea erraza egiten ez zitzaidan modura, kontuaren beste alderdi hau askoz interesgarriagoa iruditzen zitzaidan: gauza nintzela sentitzen nuen eta tutorialen laguntzarekin, liburuak bilatuz eta beste batzuek prozesu hau edo bestea zelan egiten zuten erreparatuz, ikasten joan nintzen, ahalegin handiz eta modu autodidaktan.
Gitarragintzarako, ze egur mota erabili ohi da?
Badira egur tipikoak, gitarra elektrikoen mundu honetan betidanik ezagunak direnak: lizarra, astigarra, kaoba eta ebanoa, eta haltza ere. Diapasoiak egiteko, ezkerreko eskuarekin soka sakatzen duzun zati hori, hau da, nota definitzen duten trasteak dauden zatia, egur tropikalak erabiltzen dira, normalean jatorri afrikarrekoa edo indiarrekoa. Dena den, froga asko egin ditut normalean erabiltzen ez diren zurekin, konparatzeko eta zer eman dezaketen ikusteko.
Egur motak ba al du eraginik musika-tresna baten soinuan?
Bai, noski eragiten duela. Egur batzuk erresonantzia handiagokoak edo txikiagokoak dira, eta guztiek dute bereizten dituen tinbre bat, egurrak ze soinu izango duen adierazten duena. Horrek dakar soinu baxu, ertain edo akutuen presentzia handiagoa egotea, edo agian soinu-luzera handiagoa izatea, notak airean denbora gehiago irautea ahalbidetuz. Elektronikak bere pisua du, baina zurak ere.
Zura lehortzea garrantzitsua da. Zu zeu arduratzen zara prozesu horretaz?
Egokiena norberak lehortzea da, merkaturatzen den guztia ez dakizulako beti zenbat denbora daraman moztuta. Garrantzitsua da leku aireztatu eta hezetasunik gabeko batean pilatuta gordetzea, eta lehortzeko denbora aldatu egiten da piezaren lodieraren arabera: zentimetro bakoitzeko urtebete utzi behar da sikatzen, eta zenbat eta gehiago laga, orduan eta hobeto erantzungo dute zurezko piezek. Biolinetan, esaterako, zurak hamabost urtetik gora izatea baloratzen da.
Gitarra bat egiteko, ba al duzu kanon zehatzik? Non uzten dio zure sormenari hegan egiten?
Leku askotatik uzten dio. Azkenean gitarra bat matematika eta fisika da. Soken ibilbidea edo haien arteko distantzia parametro matematikoak dira. Gainera, traste bakoitza elkarrengandik distantzia milimetriko batera jarri behar da, nota eman dezan. Ume batentzat bada gitarra, distantzia horiek berriro kalkulatu behar dira, bere balioak mantendu ditzan eta notak entzun daitezen. Hori bete egin behar da, gainontzekoa norberaren irudimena da: nahi baduzu, puru kaxa batean egin dezakezu gitarra bat. Dibertigarria da gauzak egitea zer gertatzen den probatzeko; esaterako, tiradera batean eginda daukat gitarra bat, eta funtzionatzen du. Elektrika bat hutsunerik gabeko egurra da, eta soinua elektronikako piezek ematen diote. Kable bat anplifikadore bati entxufatu eta nahi duzuna entzunarazten du: punka, metala, bluesa…
Zuk eginiko gitarrak pertsonalizatzen dituzu? Sinatzen dituzu? Stradivariusak bezala, Rodríguez bat identifika liteke?
Logotipo bat daukat, herensuge hegal moduko bat, eta hainbat lekutan jartzen dut: bistan, afinatzeko larakoetan, egurrean txertatuta edo grabatuta... Sinadura ezkutuago joaten da. Logoa bistan ez duena ere badut, eta gitarra desmuntatu egin behar da topatu ahal izateko.
Gitarraren bat eskatu al dizu musikari ezagunen batek?
Bai, pare bat ditut Fito Cabrales, Fito eta Fitipaldis taldeko abeslariaren eskuetan. Gainerakoak musikari amateurrak dira, eta une jakin batean zerbait zehatza nahi izaten dute: badakite ze forma eman nahi dioten eta ze soinu izatea nahi duten. Bere bizitzan zehar laurogei gitarra erosi dituen eta zer nahi duen ondo dakien jendea. Hori oso ondo ematen zait: bezeroa eskatzen ari zaidana interpretatu eta egur-pieza batera eraman bai bere jotzeko modua bai gitarrari atera nahi dion soinu mota.
Eta nola interpretatzen duzu eskatzen dizuna?
Lehenik eta behin, jotzen ikusten den bideo bat eskatzen diot: alde batetik, gitarra gorputzera nola erortzen zaion erreparatzen dut, pua eta eskuineko eskua non jartzen duen, mastari nola eusten dion... ergonomia kontuak. Bestetik, zer musika mota jotzen duen edo gustatzen zaion galdetzen diot, hor ere estetika jakin batzuk definituta daudelako.
Zuen etxeak, Jesús, egur edo bernizaren usaina du?
Egurrarena, egurrarena!