Aitor Hernandez ermuarra Euskadiko txapeldun ziklo-krosean

Drogetenitturri 2025ko urt. 10a, 00:00

Aitor Hernandez txirrindulari ermuarrak Euskadiko txapeldun bukatu zuen 2024a, abenduaren 29an Aiaran jokatutako proba irabazi ostean. Emaitza honekin denboraldiko bederatzigarren garaipena lortu zuen eta Euskadiko seigarren txapela bere ibilbide osoa kontuan hartuta. Argazkiak: Euskadiko Txirrindularitza Federazioa, Markel Bazanbide.

Euskal lasterkari onenen kontra lehiatu zen Aitor Hernandez Gutierrez urte bukaerako Aiarako proban, baina, bere taldetik kontatu dutenez: "hasieratik menderatu zuen proba" eta helmuga lehen postuan gurutzatu zuen, Hodei Muñoz (23 urtez azpiko txapelduna) eta Diego Ruiz de Arcauteren aurretik. Txapelketa amaitzean, lorpen honen garrantzia azpimarratu zuen Hernandezek: "Euskadiko Txapelketa irabaztea beti da berezia niretzat. Denboraldi bakoitzean asko motibatzen nauen proba da eta ez bakarrik daukan esanahiagatik: batik bat, hemengo maila oso altua delako beti". Titulua seigarren aldiz lortu izanak "harrotasunez betetzen" duela zioen, eta pozik agertu zen "hitzordu honetara sasoi onean iristeko egindako lan guztiagatik eta markaturiko helburua lortzearren".