Bihar ospatuko da Ermuko lehen Boxeo Jaialdia

Ander Gomez 2025ko urt. 17a, 07:02

Udal Kiroldegiak boxeo gaua hartuko du bihar, zapatua: 17:30ean irekiko dituzte ateak eta 18:00etan hasiko da ikuskizuna. Pisaketa Tribuna tabernan egingo dute, 16:00etan. Aldez aurretiko sarrera guztiak agortu diren arren, gutxi batzuk izango dituzte leihatilan salgai, 20 euroan.

Elgoibar, Bergara, Soraluze eta Hernani bezalako herrietan Boxeo Jaialdiak antolatu ostean, jaioterrian —Ermuan— antolatzeko aukera izan du Ixa Rodriguez boxeolariak. Euskal Herriko eskola desberdinetatik etorritako gazteek borrokatuko dute (Nafar Sustraiak, Zumaia Boxing Club, Escuela Alavesa de Boxeo, Anoeta Boxeo Eskola...). Ixa berak sortutako Sorabox Boxeo Taldeak ere lau ordezkari izango ditu, horietako bi Ermukoak: Asier Barreira eta Jokin Merino. Biek debutatuko dute biharko borroketan.

Asier Barreirak 71,4 kiloko pisuan adostutako borrokaldia izango du, Zumaia Boxing klubeko Iñaki Olanoren kontra.

Jokin Merinorena, aldiz, 62 kiloan adostu da eta Nafar Sustraiak boxeo taldeko Asier Martinez izango du aurkari.

Azken orduko aldaketak eta kartel definitiboa

Jaialdia iragarri zenetik aldaketa dezente egon dira borroken zerrendan: egutegiagatik, lesioengatik eta bestelako arrazoiengatik bertan behera gelditu dira asko. Aldaketa garrantzitsuena aste honetan bertan eman da, borroka nagusian: Soraboxeko Marko Sortinok Zumaia Boxing-eko Lorentxo izan behar zuen aurkari, baina eskafoidesa apurtu du eta ezingo du jaialdian parte hartu. Zorionez, garaiz aurkitu diote aurkari berria Sortinori: Bibox taldeko Andoni Arto leioarraren kontra neurtuko ditu indarrak.

Guztira hamar borroka egongo dira eta ordena honakoa izango da:

1. BORROKA - 68kg
Diego Flores
IPARBOX
vs
Adrian Martin
PUGILATO
2. BORROKA - 55kg
Ines Estevez
SORABOX
vs
Leire Pascual
ESCUELA ALAVESA
3. BORROKA - 58kg
Amaya Perez
ANOETA
vs
Iradi Agirre
IPARBOX
4. BORROKA - 71,4kg
Asier Barreira
SORABOX
vs
Iñaki Olano
ZUMAIA BOXING
5. BORROKA - 51kg
Nura Aristimuño
ANOETA
vs
Rakel Casas
PUGILATO
6. BORROKA - 62kg
Jokin Merino
SORABOX
vs
Asier Martinez
NAFAR SUSTRAIAK
7. BORROKA - 67kg
Jaio
ANOETA
vs
Santiago Oleaga
PUGILATO
8. BORROKA - 57kg
Oier Prieto
ANOETA
vs
Salah
PUGILATO
9. BORROKA - 77,5kg
Markos Nagussi
ANOETA
vs
Alejandro Cisneros
NAFAR SUSTRAIAK
10. BORROKA - 75kg
Marko Sortino
SORABOX
vs
Andoni Arto
BIBOX

Sarreren sold out-a eta Drogetenitturriren zozketa

Jaialdiak harrera bikaina izan du ermuarren artean: Dada, Plan B eta Tribuna tabernetan salgai jarri zituzten sarrera guztiak agortuta daude. Bihar leihatilan salduko dituzten gutxi batzuk besterik ez dira geratzen, beraz, azkar ibili beharko dute sarrera barik gelditu diren boxeo zaleak, ikuskizuna galdu nahi ez badute.

Drogetenitturrik oparitzen zituen 2 sarrerei dagokienez (zozketaren orrialdea hemen), Oihana Aranburu Inza izan da irabazlea eta egunean bertan jasoko ditu sarrerak.