Boxeo Jaialdiaren lehen edizioa, arrakasta hutsa

Ander Gomez 2025ko urt. 20a, 07:11

Urtarrilaren 18an (zapatuan) ospatu zen Ixa Rodriguezek antolatutako Boxeo Jaialdia. Elgoibarren, Bergaran, Arrasaten, Soraluzen, Hernanin... antolatu ostean, jaioterrian egitea lortu du eta, oraindik konfirmatu ez duen arren, Ermuko jaialdi honek izan duen harrera ikusita, ziur ez dela edizio bakarrean geratuko...

Ixa Rodriguezen Sorabox taldeko boxeolariez gain, Euskal Herriko talde desberdinak batu ziren zapatuko jaialdira: Nafar Sustraiak, Iparbox, Anoeta B.E., Zumaia Boxing Club, Escuela Alavesakoak... tokitatik etorritako boxeolariak igo ziren ring-era eta tokitako boxeo zaleak gerturatu ziren ikustera. Hala ere, ermuarren eta eibartarren presentzia nabarmendu zen batik bat, bertako Asier Barreira eta Jokin Merino animatzera etorriak (Barreira eta Merinoren albistea eta argazkiak HEMEN). Sarrera guztiak agortuta, Udal Kiroldegiko harmailak eta kantxa jendez bete ziren, eta giro bikaina bizi izan zen, boxeolariek eskainitako ikuskizunaren mailakoa.

Zozketaren irabazlea

Drogetenitturri.eus atarian zozkatzen ziren 2 sarreren irabazlea —pasa den asteartean ezagutzera eman genuen bezala (hemen)— Oihana Aranburu Inza izan zen. Segidan bere argazkia Boxeo Jaialdiaren egunean bertan, sarrerak jaso berritan.