Grebaren jarraipen desberdina Ermuko ikastetxe publikoetan

Drogetenitturri 2025ko urt. 23a, 12:33

Argazkia: Ermua BHI.

Ermuan, San Lorenzo ikastetxea izan da sindikatuek estimatutako batezbestekoarekin bat egin duen bakarra, %75eko jarraipenarekin atzo eta %70arekin gaur. Ongarai eskolan, bai atzo, bai gaur, irakaslegoaren %60ak egin du bat grebarekin. Anaitasuna ikastolan, %44ak atzo eta %38ak gaur; eta Ermua BHIn antzerako, %43ak atzo eta %41ak gaur.

Hezkuntzako LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, unibertsitatez azpiko irakaskuntza publikoan deitutako 12 greba eguneko zikloari ekin zioten atzo. Lehen deialdi honetan (atzokoan eta gaurkoan) irakasleak deitu dituzte protestara. Datorren astean, berriz, Haurreskolako langileak daude deituta, urtarrilaren 28an eta 29an. Eta baita sukaldeetako eta garbiketako langileak ere, horien kasuan, urtarrilaren 30ean eta 31n. Egoera aldatu ezean, otsailerako beste horrenbeste greba egun deitu dituzte, hau da, beste sei.

Grebaren bitartez plazaratu dituzten aldarrikapenen artean honako hauek nabarmendu dituzte: Lan-zamak arintzea, gazte-berritze planak, eros-ahalmena berreskuratzea, enplegua egonkortzea eta bermatzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea, lizentziak eta baimenak hobetzea, eta lan-osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea.