Errotabarrik klub bezala Euskal Ligara igotzea lortu du

Estibalitz González 2025ko urt. 27a, 07:00

Asteburu osoan zehar Udal kiroldegian jokatu diren hainbat partidari esker, nesken Errotabarri eskubaloi taldeko jubenil eta kadeteek datorren denboraldia goiko mailan jokatuko dute. Argazkiak: Errotabarri eskubaloi taldea.

Jende ugari, gradak beteta, urduritasuna, ilusioa… San Pelaio inguruan giro aparta egon da torneoak iraun duen hiru egun hauetan. Jokoan asko zegoen, baina gogor jokatuta lortu dute liga gorenerako txartela. Urte batzuk dira kategoriaz jaitsi zirela eta, berreskuratuta, berriro daude kluben top horretan. Orain arte Bizkaia mailan jokatzeko aukera izan dute bakarrik, baina hemendik aurrera Euskadi mailan egin ahal izateak ikaragarrizko poza eta erronka suposatzen du taldearentzat. Gainera Espainiako taldeekin jokatzeko atea ere zabaltzen zaie igoera honen harira. Garrantzitsuena da arduradunen esanetan denboraldi hasieratik egongo direla goiko Liga horretan, “taldeari bisibilidadea emango dio eta nolabaiteko erreferente bihurtuko gaitu” aipatu digutenez. Kategoria guztietakoak zenbatuta, 193 neska ari dira jokatzen gaur egun Errotabarrin, 10 taldetan banatuta eta hilean behin antolatzen duten Eskubaloi Eskolan 50 neska eta mutiko dihardute kirol honetan trebatzen. Askoren lan eskergaren emaitza izan da gaurkoa. Beraz, zorionak jokalari, entrenatzaile, zuzendaritza, guraso eta zale guztiei!