350 ermuar batu dira Egunean Behin jokoaren denboraldi berrira

Ander Gomez 2025ko urt. 27a, 13:07

Egunean Behin jokoak 17. denboraldia estreinatzen du eta, horrekin batera, ermuarren arteko Egunean Behin Ermuan lehiari ekingo diote gaur. Edozein herritar batu daiteke taldera eta, parte hartzearren soilik, sari potoloak irabazteko aukera egongo da astero.

Gaur, urtarrilaren 27an, Egunean Behin jokoaren edizio berria jarri da martxan eta, oraingoan ere, hainbat sari banatuko dituzte EMOEk eta Euskal Birusa Elkarteak Egunean Behin Ermuan taldeko kideen artean. Astero zozketa egingo da parte-hartzaile guztien artean, eta irabazleak 40 euroko erosketa txekea jasoko du, herriko denda batean trukatzeko. Bestalde, puntu gehien lortzen dituztenek zozketa nagusian hartuko dute parte: Denboraldi amaieran, asteroko irabazle guztien artean, landa-etxe baterako 200 euroko txekea zozkatuko da.

Taldera batzeko interesa dutenek hurrengo pausuak jarraitu beharko dituzte:

  1. Deskargatu Egunean Behin aplikazioa telefonoan.
    Egunean Behin deskargatu zure Android gailuan   
  2. Azpialdean, sakatu Taldeak.
  3. Sakatu + ikonoa.
  4. Aukeratu Giltza erabiliz.
  5. Sartu giltza hau: 3A8ECB

Laguntza behar izanez gero, taldearen sustatzaileak laguntza emateko prest egongo dira. Idatzi mezu pribatu bat Egunean Behin Ermuan-en instagram kontura: @ebehinermuan.