Santa Agedan parte hartzeko deia

Estibalitz González 2025ko urt. 29a, 07:00

2024ko talde argazkia, San Pelaioko kioskoan.

Hasiak dira Santa Agedako kantuen entseguekin eta antolatzaileek bertan parte hartzeko deia zabaltzen diete herritar guztiei, Santa Ageda bezperako jira ordu gutxi batzuetan kantatzeko konpromisoa besterik ez dela azpimarratuz. Batutako dirua Kolonbiako ikastetxe bateko proiektuetara bideratuko da beste behin. 

Bihar, hilak 30 (osteguna) egingo da bigarren eta azken entsegua Alboka musika eskolaren egoitzan 20.15etatik 21.30etara. Ohikoa den bezala, kantariek otsailaren 4an egingo dute herrian zeharreko kantu-jira eta erdiguneaz gain, Santa Ana, Santiago, Ongarai eta San Pelaio auzoak alaituko dituzte euren abestiekin, Albokako trikitilariez lagunduta. Irteera Abeletxe egoitzatik izango da, arratsaldeko 18.00etan.

Errepertorioa osatzen dute Santa martiriaren koplekin eta kantutegi tradizionaleko beste batzuekin ere, hala nola, Baldorba, Goizian argia hastian, Eperra, Bautista Basterretxe eta Xalbadorren heriotzean. Herritarren borondate onari esker ibilbidean zehar batzen den dirua aurreko urteetan bezala Kolonbiako Barranquilla hirira bidaliko da, bertan bizi den Mireya Suarez ermuarraren bitartez gertutik ezagutzen dituen familia zaurgarri eta behartsuenei laguntzeko.