Axpe Aja korrikalaria Europako kluben kros txapelketan izan zen atzo, Portugalen

Ander Gomez 2025ko ots. 3a, 07:16

Otsailaren 2an jokatzen zen European Cross Country nazioarteko txapelketa Albufeiran (Portugalen) eta hantxe zeukan hitzordua Durangoko Bidezabal Atletismo taldeak, 20 urtez azpiko laukotearekin. Haien artean zegoen Axpe Aja (Ermua, 2007), berez 18 urtez azpiko kategoriakoa dena baina, talde durangarrak proposatuta, kategoria altuago honetan lehiatzen ari dena. Argazkiak: Bidezabal A.T.

Zornotzako kluben arteko krosean Espainiakora klasifikatzea lortu zuten Bidezabal Atletismo taldeko neskek, lehen postua lortuta. Sevillan jokatu zen estatu mailakoa eta txapeldunorde izanda —Castelloko taldeak lortu zuen urrea— Europarako klasifikatzea lortu zuten. Klubak adierazitakoaren arabera, klasifikatzea soilik "lorpen handia" izan zen, kategoria honetan Europa mailan jokatzera ailegatu den lehen euskal taldea izan delako.

Atzo jokatu zen European Cross Country txapelketa Portugalen eta Axpe Aja ermuarraren laukoteak 5. postua lortu zuen. Podiumari dagokionez, Turkiako Fenerbahce izan zen garaile eta Frantziako Cler. Auvergne geratu zen bigarren. Castellokoek, frantziarrekin puntutara berdinduta, brontzea eskuratu zuten.

Segidan, Bidezabal ATko korrikalarien denborak, lehen eta azken postukoekin alderatuta:

Pos. Izena Gen. Kategoria Kluba Denbora
1 HAWI ABERA F Sub 20 Fem Sporting CP 00:18:45
12 LAIA CARIÑANOS F Sub 20 Fem BIDEZABAL DURANGO 00:21:02
18 ANDREA BUENAVIDA F Sub 20 Fem BIDEZABAL DURANGO 00:21:39
28 AXPE AJA F Sub 20 Fem BIDEZABAL DURANGO 00:22:54
37 IXONE SANCHEZ F Sub 20 Fem BIDEZABAL DURANGO 00:24:06
46 LARA SILVA F Sub 20 Fem NBA 00:31:14