Vertigo Rock jaialdiaren kartela aurkeztu dute

Ander Gomez 2025ko ots. 7a, 07:07

Pozik aurkeztu dute Vertigo Rock-eko antolatzaileek, "hilabete luzeetako lanaren, ahaleginaren eta ilusioaren ondoren" aurtengo kartela osatuko duten rock taldeen zerrenda. Jaialdiaren 18. urteurrena izango den honetan, "edizio ahaztezina" izango dela eta "inoiz baino soinu rockeroagoak" izango dituela agindu dute. Argazkiak: Eider Iturriaga, Gruta77, The Clayton, LaGenteRula, Ziraun, Iker Garcia Millán, EiTB, Maitane Campos Fundazuri eta Ruben Leon.

Maiatzaren 10ean ospatuko da Vertigo Rock jaialdiaren XVII. edizioa eta, aurrekoetan bezala, kanpoko taldeak ekartzeaz gain (Mungiatik, Gasteiztik, Aramaiotik, Gernikatik...), bertako musikarien taldeek kartelaren zati handi bat osatzea zaindu dute antolatzaileek (Norbac, Slide, Nemon, Kokein...).

Iazko edizioan kontzertuak berriro ere kaleetara ekartzeko apustua egin zuten, jaialdiaren "filosofia eta esentzia" berreskuratu nahian. Emaitza ikusita, bete-betean asmatu zuten eta aurten ere formatu hori mantenduko dutela jakinarazi dute. Kontzertuok Martxoaren 8a eta Orbe Kardinalaren plazetan, eta herrigunean (kale desberdinetan) izango dira, goiz, arratsalde eta gauean zehar.

Horrela aurkeztu dituzte antolatzaileek kartela osatzen duten taldeak:

  • Pi L.T.: "90eko hamarkadaren amaierako talde bizkaitar mitikoa oholtzetara bueltatzen dira eta Ermuan izango ditugu Balak Airean lan berria aurkezten, euren estudioko lehen diskoa 20 urtetan. Plaza osoa 'Hil da Jainkoa' bezalako abestiekin kantuan ikusteko gogoz gaude".
  • Moonshine Wagon: "2013an Gasteizen sortutako heavy-bluegrass taldeak, Europa eta Amerikako jaialdi eta aretoak bete izan ditu. Wagon autokarabanarekin, mundu osora zabaltzen dute beraien musika eta, orain, Ermuan musika honetan gozatzeko aukera izango dugu!".
  • The Clayton: "Bere rock indartsu eta jarrera geldiezinarekin, 2017an Aramaion sortutako talde honek Plaza Cardenal Orbe hankaz gora jarriko du. Bizitasun eta rokanrol euskaldunez beteriko zuzenekoa!".
  • Kokein: "Eibartarrek ez dute aurkezpenik behar. 25. urteurreneko biran, lan berria aurkeztuko dute: Bidea da Helmuga. Indarrez beteriko zuzeneko honetan bere ibilbide osoko kantuak entzun ahal izango ditugu. Galdu ezin duzun ikuskizun bat!".
  • Ziraun: "Gernikatik, Ziraunek rocka eta euskarazko doinu itsaskorrak nahasten ditu. Euskal musikaren panoraman bide motza daramaten arren, bertan beraien lekua irabazi dute. Prestatu gozatzeko!".
  • Swamp: "Bilboko stringband honek folk amerikarra, country-a eta swing-a nahasten ditu.bere soinua edonolako belarrietara iristen da. Prestatu bere musikaren erritmora mugitzeko!".
  • Slide: "Slide taldearen rock alternatiboa Vertigo Rockera itzuliko da euren lehen lana Cowtion besapean hartuta. Arratsaldean lehen akordearekin dardarka jarriko gaituzte!".
  • Mikosis: "Gernikatik etorritako rock taldea, post-punk eta musika alternatiboetatik mamitzen da. Beren soinu paregabearekin Kontrol Barik EPa sortu dute, eta hau, Vertigo honetan aurkeztuko dute. Energia hutsa!"
  • Norbac: "Lehen aldia Vertigon! Norbac talde ermuarrak irekiko du jaialdia Plazan, eta ziur gaude beren zuzeneko boteretsuarekin harrituko zaituztetela".
  • Nemon: "Inoiz baino rockeroago eta energia berrituekin, Nemon laukote formatuan itzuliko da, konposizio berr eta betiko grin berarekin. Haien musika-bidaiak aurrera jarraitzen du!".