Nolatan hasi zinen argazkigintzan?
Gustukoa neukan argazkiak ateratzea, eta herrian zegoen Ostarku kolektibora hurbildu nintzen. Kuartel zaharrean argazkiak errebelatzeko laborategia zeukaten, eta han ezagutu nuen Santos Vega. Ikastaro bat egin nuen berarekin Torretan, eta argazki-rallyetan elkarrekin parte hartzen hasi ginen. Gero eta zaletasun handiagoa nuen, eta sasoi batean dirua irabazi nuen erretratuei esker: ezkontzetara joaten nintzen argazkilari, hainbat agentziarentzako lanean hasi nintzen... Gaur egun zaletasuna baino ez da.
Baina hala ere, ostiralero zaude Antzokiko lehen ilaran, kamera eskuan...
Bai, zortzi edo bederatzi urte inguru daramatzat zeregin horretan. Santosen ekimena izan zen: urtebetez Ermura zetozen talde eta artisten argazkiak atera zituen, eta gero erakusketa bat egin zuen Lobianon. Berak utzitakoan, nik berreskuratu nahi izan nuen, iruditzen zaidalako herriarentzako interesgarria dela etorri diren artisten artxibo modukoa izatea. Patxi Lópezekin hitz egin nuen, eta aurrera egin genuen, baina lan erabat boluntarioa da.
Zein artistarekin estreinatu zinen?
Mikel Erentxunekin, zine zaharrean, Santosek eskatuta.
Ostiraleko hitzordu hauek denbora asko kentzen dizute?
Zertxobait, bai. Ekitaldira joan baino lehen informazioa bilatzen dut, jakiteko zer topatuko dudan, zer nolako argiztapena egongo den, ze kolore... Argazkiak atera eta gero aukeraketa egin behar da, aukeratutako irudiak txukun jarri, eta Udalera bidaltzen ditut, webgunean jartzeko. Eta prozesu horrek denbora eskatzen du. Bestalde, urte bukaeran erakusketa egiten dut nik ere, ekitaldi guztien argazkiak ikusgai jarriz. Azken urteotan ez dut izan erakusketa egiteko aukerarik, pandemia dela-eta lehenengo, eta gero liburutegia jarri dutelako Lobianoko erakusketa-gelan, baina tira... ahal bezain laster ekingo diogu berriro.
Erakusketarik egin duzu Ermutik kanpo?
Bai, Eibarren, Eibar Futbol Taldeak lehenengo mailara igo zenean, esaterako. Txirrindularitzaren inguruan ere baten bat egin izan dut, eta kirol-esparru hori da gehien gustatzen zaidana. Lokatza izango duen ziklo-krosa baino plan hoberik ez dago! Uztailean Tourrera eta abuztuan Espainiako Vueltara joaten naiz ere, semearekin: bi hitzordu horien inguruan antolatzen ditugu udako oporrak! Etxean kokoteraino daude!
Argazkilaritza analogikoarekin hasi zinen?
Bai, eta asko gustatzen zitzaidan, tartean errebelatzeko prozesua bera ere. Digitalera aldatzea kostatu zitzaidan, eta duela gutxi beste pauso bat eman dut eta, kostata, ispilu gabeko kamera erosi dut.
Zergatik diozu kostata izan dela?
Zeregin bati tamaina hartzen diozunean, kostatu egiten delako aldatzea. Ispilu gabeko kamerek ez daukate bisorerik, pantaila baizik, eta hori ez zait asko gustatzen; baina argazkia ateratzerakoan ez dute zaratarik ateratzen, eta hori eskertzekoa da. Antzokian arazoak izan ditut artista batzuekin, Lolitarekin esaterako: bere bakarrizketa hasita zegoenean moztu egin zuen nik argazki gehiago ez egiteko eskatzeko. Zelako lotsa!
Atera dituzun argazki guztietatik bat aukeratu beharko bazenu...
Bertso saioak erronka dira beti, zaila delako argazki ezberdin bat egitea, baina nire argazkirik kuttunena da Maialen Lujanbiori egin nion bat, oholtza gainean pentsakor, duela urte mordoxka.
Badago lortu ez duzunik?
Bai, agentziarekin lanean hasi nintzenean, Eibar Futbol Taldeko nire lehen partiduan argazki guztiak desenfokatuta irten zitzaizkidan... Denbora luzean ez zidaten berriro deitu!
Egiteko daukazuna...?
El Brujori eta El Drogasi erretratua ateratzea lortu eta gero, Paris-Roubaixera joateko ametsa daukat.
Badakizu zenbat argazki atera dituzun?
Ez dakit esaten, baina denak gordetzen ditut, .jpg eta .raw formatuetan. Kontzertu batean agian 2.000 argazki ateratzen ditut. Pentsa!
Instagrameko kontuan dituzun argazki berrienek ez dute ur-marka, zer dela-eta erabaki duzu ez ipintzea?
Uste dut horrek argazkia zikintzen duela, eta argazkia lapurtu nahi dizutenek berdin-berdin lapurtuko dute. Askotan topatu ditut nire argazkiak espero ez nuen lekuetan, eta amorrua ematen du... Berdin da zenbat denbora pasatu den: zure argazki bat ikusten duzunean badakizu zurea dela.