Julene Bouzo Agirregomezkortak urrea lortu du Espainiako txapelketan

Ander Gomez 2025ko ots. 10a, 07:03

Altuera jauziko podiuma, Julene Bouzo erdian, urrezko dominarekin. Argazkia: RFEA.

Asteburu honetan jokatu da Sabadellen (Bartzelonan) estatu mailako 23 urtez azpikoen atletismo txapelketa. Bertan izan da Julene Bouzo kirolari ermuarra eta altuera jauziko modalitatean urrezko domina irabazteaz gain, bere marka pertsonala hobetzea lortu du.

Otsailaren 8an eta 9an Espainiako SUB23 Short Track atletismo txapelketa jokatu da Sabadellen. Modalitate desberdinak jokatu dituzte bi egunotan: hesiak, pertika, jaurtiketak, lasterketak… Altuera jauziaren txanda atzo goizean izan zen eta bertan izan zen Julene Bouzo Agirregomezkorta (Ermua, 2003), Bidezabal atletismo talde durangarraren izenean lehiatuz.

Estatuko jauzilari onenak elkartu ziren bertan: Kataluniatik bertatik gerturatutakoez gain, Madrilgoak, Kanarietakoak, Valentziakoak, Asturiasekoak... egon ziren; baita bi ordezkari nafar ere, bata Hiru-herri taldekoa eta Valdizarbe-GANA taldekoa bestea. EAEko ordezkari bakarra Bouzo izan zen.

Azkar samar geratu ziren kanpoan gehienak

Gainontzeko lehiakideek —batek ez ezik— 1,55 metroan jarri zuten lehen saltoko langa. Ermuarrak azken txanda zeukan, zuzenean 1,59 metrorekin hastea erabaki zuen eta lehenengoan lortu. Berdin hurrengoekin: 1,63m, 1,66m... Azken hau probatzera beste bi gazte ailegatu ziren bakarrik, eta bakarrak lortu: Castelloko Playas taldeko Laura Alegre Punzanok.

Bouzo eta Alegreren arteko lehia luzatu egin zen

Saltoak lehenengo saiakeran egiten jarraitu zuten biek: 1,69 metrotan lehenengo, 1,72an gero… 1,74 metrotara ailegatu ziren arte. Castellokoak huts egin zuen lehen saiakeran, baina bigarrenean lortu; ermuarrak, aldiz, bakarrean lortu zuen. 1,76 metroan jarri zuten langa gero: Alegrek, saiatu arren, hiruretan huts egin zuen; Bouzok, beste behin, lehenengoan lortu. Garaipena eskuan zeukala, 1,78 metrorekin probatzera ausartu zen. Ez zuen gainditu hori, baina lorpenak irabazita zeuzkan berdin-berdin: garaipena ez ezik, bere marka pertsonala hobetzea lortu zuen, 1,76 metrotara igota.


Podiuma, ezkerretik eskumara: Laura Alegre, zilarrarekin; Julene Bouzo, urrearekin; eta Ariana Gomez, brontzearekin. Argazkia: RFEA.