M8ko kartel lehiaketako irabazleak

Drogetenitturri 2025ko ots. 15a, 08:03

Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako kartel lehiaketaren irabazleak aurkeztu zituzten atzo. Erabakia artearen munduko profesionalek, Emakumearen Kontseiluko ordezkariek, Emakumeen Topalekuko langile batek eta alkateak (epaimahaiburu gisa) hartu zuten. Sari nagusiaren irabazleak 600 euro jasoko ditu eta ikasleen kategoriakoak 300 euro. Argazkiak: Ermuko Udala eta Emakumeen Topalekua.

M8ko lehiaketara aurkeztutako kartelak martxo osoan zehar egongo dira ikusgai Emakumeen Topalekuan. Guztien artean bi irabazle hautatu dituzte, biek diru-sari potoloa jasoko dute, eta kategoria nagusiko diseinua 2025eko Martxoaren 8aren irudi izango da egitarau eta karteletan. Saritu gabeko lanak apirilean jaso ahal izango dituzte egileek.

Kartel irabazlea

Kategoria nagusian "Al lío" izeneko kartela aukeratu dute, Sonia Garcia Fuentes da egilea eta 600 euro jasoko ditu sari. Epaimahaiaren esanetan, "sinbologian formula berri bat erakusten du lanak, hari-nahaspila erabiliz elkarrekin aurre egin beharreko matxismo eta patriarkatuaren metafora gisa. Horrez gain, belaunaldien arteko lotura erakusten digu eta Ermuko feminismoaz hitz egiten du".

Honakoa ez da Garcia Fuentesek irabazten duen lehen lehiaketa: 2019an ere, Ermuko M8ko kartel irabazlearen egilea izan zen (ikusi hemen), eta beste lehiaketetan ere garaile izandakoa da (ikusi 2022ko inauterietako kartela hemen).


Ikasle irabazlea

Ermuko ikastetxeetako 23 ikaslek hartu dute parte kategoria honetan eta Ermua BHIko Josu Pato Fernandezen "M8 indarra eta batasuna" kartela izan da garaile. Trukean, 300 euro jasoko ditu ermuarrak.