'Kantu berri bat gara' kontzertua eskainiko du Jon Maiak ostiralean

Ander Gomez 2025ko ots. 17a, 13:11

Otsailaren 21an, 20:30ean, Jon Maiak "Kantu berri bat gara" kontzertua emango du Ermua Antzokian. Sarrerak salgai daude jada, sarean edo fisikoki Lobiano Kulturgunean. 

*Drogetenitturrik 2 sarrera zozkatuko ditu (albiste barruan parte hartzeko lotura).

2021an, azken 30 urteetan idatzitako kantuak batu zituen Jon Maiak “Kantu bat gara” diskoan. Ken Zazpi, Mikel Urdangarin, Anari edo Benito Lertxundi bezalako artistentzat letragile gisa idatzitako kantu-bilduma zen. Antologia honek eta haren bueltan eskainitako kontzertuek sekulako arrakasta izan zuten.

Orain, "Kantu berri bat gara" disko-liburua kaleratu du Maiak, kantu berriekin, artista desberdinen bertsioekin (Negu Gorriak, Gozategi, Gari, Pello Reparaz...) eta kolaboratzaile bereziekin. Haien artean daude Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Ibrahima Balde, Maddalen Arzallus... eta Silvio Rodriguez kantautore kubatarra, euskaraz kantatzen.

Ostiral honetan kontzertua eskainiko du Jon Maiak Ermuan eta ohiko laguntzaileak izango ditu alboan: Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa), Nacho Soto (pianoa eta sintetizadoreak) eta Nerea Quincoces (perkusioa eta ahotsa).

2 sarrera irabazteko aukera

Drogetenitturri.eus-ek bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu irakurleen artean. Zozketan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete HEMEN. Ostegun honetan amaituko da epea, 12:00etan, eta irabazleen izenak 13:00etan jakinaraziko dira lotura horretan bertan.

Bestela ere, sarrerak zuzenean eskuratu daitezke, 12 euroan: Lobiano Kulturgunean, online erosita edo egunean bertan Antzokiko leihatilan, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago. Sarrerak erosteko egin klik hemen.