Txorizoa, ibilaldiak eta txapelketa desberdinak Txitxiburduntzi Egunean

Ander Gomez 2025ko ots. 18a, 12:35

Parrillekin Martxoaren 8a plazan, 2023ko Santixauetan. Argazkia: Jubiletxea.

Otsailaren 20an, Txitxiburduntzi Eguna ospatuko du Jubiletxeak. Ibilaldietan eta petanka-igel jokoetan parte hartu nahi dutenek egunean bertan apuntatu ahalko dira. Txorizo tiketak erosteko eta tute txapelketa jokatzeko interesa dutenek, berriz, bihar arteko epea dute Jubiletxera jo eta apuntatzeko.

Ermuko baserritarren ohitura zena kalera ekartzeko asmoz, Txitxiburduntzi eguna antolatu du Jubiletxeak aurrenekoz. Ostegun goizean zehar, bazkideentzako zein gainontzeko herritarrentzako ekintza pila prestatu dituzte eta, txapelketa eta jokoetan, txorizo tiketak eta otar potoloak irabazteko aukera egongo da.

Bi ibilaldi eta bisita gidatu bat

Goizean goiz, Aixolarako bidea hartuko dute Jubiletxetik. Bi ibilbide desberdin egingo dituzte: bata luzea (presara igo eta hari buelta eman) eta motza bestea, mugikortasun gutxiago dutentzako pentsatua (presara igo eta zuzenean jaitsi). 

Bestela ere, mugikortasun urria duten lagunentzako herrigunean zehar egingo den paseotxoa egiteko aukera egongo da. Ermuko emakume talde batek gidatuko du eta antzinako Ermua nolakoa zen azaltzen joango dira kalez kale.

Txapelketa desberdinak

Ibilalditxoaren ostean, petankan, igelean eta tutean jokatzeko aukera egongo da. Igel-jokoa Martxoaren 8a plazan jarriko da eta tute txapelketa Jubiletxe barruan jokatuko da. Petanka eta igelaren irabazleek txorizo tiketak eskuratuko dituzte sari; tuteko irabazleek, berriz, ardo botila eta hestebete freskoz osatutako otarrak jasoko dituzte.

*Oharra: Gaur zen tutean izena emateko azken eguna, baina bihar goizera arte luzatuko da azkenean. Apuntatzeko, jo lehenbailehen Jubiletxeko bulegora.

Tiketak erosteko azken eguna

Bihar goizera arteko epea dago Txitxiburduntzi eguneko txorizoa erreserbatu ahal izateko. Tiketak jubiletxean bertan eskuratu daitezke; 2 euroan bazkideek, 4 euroan gainontzekoek. Ostegunean, tiketaren truke txorizoa eta makila emango zaie, eta Martxoaren 8a plazan erre ahalko dute. Ostean, ogia jasoko dute eta edateko ura edo ardoa izango dute aukeran.


Argazkia: Alpino Tabira.