Makis 37, musika taldea: “Zuzenekoetan gure nortasuna erakusten dugu, gure arima”

Dorleta Vidal 2025ko mar. 8a, 08:05

Alex Gonzalez eta Julen Gutierrez ermuarrek eta Gaizka Uranga eta Miguel Beraza elgoibartarrek osatzen dute Makis 37, punk rock talde gaztea. Estudioko bigarren diskoa kaleratu berri dute pasa den martxoaren 2an, Eromenarekin ihesean, eta otsailaren 5ean, lan horren aurrerapen kanta estreinatu zuten: "Zaborrezko bulegoak", Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren ingurukoa (goian bideoklipa). Taldeak hainbat kontzertu ditu lotuta. Argazkiak: Ane Galindo (@gago.bisuala).

Noiz sortu zen Makis 37?

2020an jaio zen, pandemia pasatu berritan. Miguel eta Gaizka Ermura etorri ginen Vertigo Rock jaialdia ikustera, plazan eserita egon behar zen garai hartan, eta kasualitatez Julen Gutierrez ezagutu genuen, taldea osatzeko baxu eta bateria bila zebilena. Hurrengo egunerako geratu ginen eta ikusi genuen helburu edo nahi berdintsuak genituela: estiloa, abesti propioak sortzeko nahia... Aurrera egitea erabaki genuen, eta handik hiru astera lehen kontzertua eskaini genuen Eibarko gaztetxean, San Juanetan, bospasei kantu propioekin. 

Zer moduz joan zen kontzertu hura?

Gaur egun ikusiko bagenu, desastre hutsa izan zela esango genuke, penagarria, baina momentu hartan sekulakoa iruditu zitzaigun: itzela izan zen pandemiatik irten berri eta 40 bat lagunen aurrean jotzea!

Egun batetik bestera ezagutu, eta denbora asko partekatzen hasi zineten elkarrekin...

Bai, gure arteko harremana osatzen joan zen, gaur egunera arte: ez dugu elkar gorrotatzen, ez dugu elkar maite, baina ondo konpontzen gara. Harreman bikaina daukagu, egia esan, egunero gaude kontaktuan eta denetik hitz egiten dugu...

Zein izan da taldearen ibilbidea lehen kontzertu hartatik aurrera?

Hasi eta urtebetera Alex Gonzalez batu zen taldera, beste gitarra bat behar genuelako. Garai hartan hasi ginen pentsatzen ere diskoa grabatu behar genuela, eta 2023ko martxoan gure estudioko lehen lana kaleratu genuen: Malkoen distira. Hari horretatik, martxoaren 2an hain zuzen ere, gure bigarren diskoa kaleratu dugu, Eromenarekin ihesean, Alma Ruizen diseinuarekin. Diskoa 10 eurotan salduko da, gure kontzertuetan eta Elgoibarko Derry tabernan, eta Spotifyn eta plataforma nagusietan egongo entzungai. Horrez gain, urte hauetan 70-80 kontzertu inguru eman ditugu: Euskal Herrian, Vallecasen, Segovian, Palentzian...

Nola joan da diskoa grabatzeko prozesua?

Estudioan sartzen zarenerako abestiak oso landuta izan behar dituzu, baina bertan produktore bat egoten da, eta berak aholkuak ematen dizkizu lortu nahi duzun soinua lortzeko. Noisestudion egin dugu grabazioa, Zarautzen, eta hilabetetxo batzuk eman ditugu horretan. 

Garestia da diskoa grabatzea?

Bai. Baina diskoa ez da gastu bakarra, gure instrumentuek eta anplifikadoreek dirutza balio dute! Zorionez, diru apur bat jaso dugu kontzertuetan eta horrekin diskoaren %95a ordaindu dugu. Horregatik da garrantzitsua guretzako kontzertuak egitea, besteak beste. 

Pozik diskoaren emaitzarekin?

Bai, kristoren soinua lortu dugu, eta uste dugu sekulako diskoa egin dugula. Oso harro gaude eta espero dugu harrera ona izatea. 

Nolakoak dira zuen kontzertuak?

Dena ematen dugu, eta uste dugu asko transmititzen dugula. Zuzenekoetan gure nortasuna erakusten dugu, gure arima, eta orain arte bertsio batzuk jo izan ditugun arren, hemendik aurrera gure kantuekin bakarrik arituko gara. Hamasei abesti propio ditugu, eta eszenatoki gainean defendatu behar ditugu: bai abestien letra, mezuaren potentzia, instrumentuak zuzenean jotzeko trebetasuna, modu konpaktuan lan egiteko gaitasuna... 

Zein musika estilo jotzen duzue?

Punk rock, hard rock... estilo horretan mugitzen gara. Taldekideok estilo ezberdinak ditugu, influentzia ezberdinak, eta horrek bere isla du gure musikan ere. 

Zein hizkuntzatan abesten duzue?

Euskaraz eta gaztelaniaz.

Hizkuntza bien arteko orekari begiratzen diozue?

Aurreko diskoan ez zen orekarik egon (bost abesti gaztelaniaz izan ziren eta bi euskaraz), baina egunotan kaleratuko dugun diskoan arreta jarri dugu kontu horretan eta sei kanta izango dira gaztelaniaz eta lau euskaraz. Abesti gehiago genituen prest euskaraz, baina azkenean kanpoan geratu dira, gehiago landu behar ditugulako. 

Nork sortzen ditu abestiak?

Letra Gutik sortzen du (Julen Gutierrezek) baita hasierako melodia ere. Gero, lokalera ekartzen du proposamena eta buelta asko ematen dizkiogu: bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu eta emaitzak ez du izaten oinarriarekin zerikusi handirik! 

Ikus-entzunezkoei ere garrantzia ematen diezue, eta bideo oso landuak partekatzen dituzue...

Saiatzen gara, gaur egun irudia oso garrantzitsua baita, eta eroso sentitzen gara lan horretan. Aurreko diskoko bi bideoklipak Julene Rosado aretxabaletarrarekin grabatu genituen eta otsailaren hasieran estreinatu dugun Zaborrezko bulegoak kantuaren bideoa Julen Corral eibartarrarekin egin dugu. Corralekin grabatu genuen ere gure lehen bideoklipa, 2022ko otsailean, oraindik Alex taldean ez zegoenean. Zaldibarko zabortegiaren inguruko kanta zen, oso punkia, soinu eskasarekin, gu ere hasiberri... Arantzatxo bat geneukan kantu horrekin, eta aurten buelta bat eman diogu eta Zaborrezko bulegoak sortu.

Izan ere, oihartzuna izan du bigarren diskoaren barruan dagoen Zaborrezko bulegoak kantu horrek...

Bai, otsailaren 5ean estreinatu genuen, hondamendiaren bosgarren urteurrenaren atarian. Aurretik kaleratu genuen abestia euskaratu genuen, birmoldatu..., eta bertsio honek ez dauka zerikusirik originalarekin. Zaldibar Argitu plataformak eta hainbat komunikabidek bideoa zabaldu dute, eta hondamendiaren urteurreneko ekitaldian parte hartu genuen, akustikoan.

Zergatik heldu diozue gai honi?

Guretzat gai garrantzitsua delako, gure inguruan gertatutako injustizia handia. Bi pertsona hil ziren bertan, eta erantzule guztiek eskuak garbitu dituzte. Musikaren bitartez gure aletxoa jarri nahi izan dugu gertakizun hau kanpora zabaltzeko eta gertukoek ez ahazteko.

Zein beste gai jorratzen dituzue abestietan?

Taldearen izenak gerra zibilarekin dauka lotura, eta askotan gai politikoei heltzen diegu. Azkenean ikusten dugu garai hartako injustiziak gaur egun ere errepikatzen direla: Durangoko bonbardaketa eta Palestina, esaterako. Baina tira, beste gai arinagoak ere lantzen ditugu, pertsonalagoak. 

Makis 37 izena nahiko adierazgarria da…

Ez genion izenari buelta asko eman: Fugitivos izena jarri nahi genion hasieran, baina bazegoen talde bat izen horrekin; gero Makis izan behar ginen, baina Errusian musikari bat dago izen horrekin, tekno arraroa egiten duena; eta azkenean Makis 37 aukeratu genuen, Iparraldeko frontea jausi zen urtea izenari gehituta. 

Baduzue kontzerturik lotuta datozen hilabeteetarako?

Martxoaren 15ean Iruñean joko dugu, eta gero Ermuan, Zaldibarren, Elgoibarren... Iraila bitartean zazpi bat kontzertu ditugu jada, baina gehiago lotzekotan gaude.

Nola ikusten duzue zuen burua hemendik urte batzuetara?

Espero dugu liga handietan jokatzen egotea! Badakigu ia ezinezkoa dela musikatik bizitzea, are gutxiago hemen, zeren eta beste herrialde batzuetan diru gehiago dago eta musika hobeto ordaintzen da, kontzertuak esaterako. Baina tira, Euskal Herrian ezin gara kexatu!