"Jakin badakigu gaur egungo mundu honetan itxura dela garrantzitsutzat hartzen dugun gauzetako bat. Horiek horrela, sare sozialetan ematen diren faltsukeriak, sinesmenak... gure artean zabaltzen dira etengabean (honelako gorputzak, halako bidaiak...). Zer duzue zuek honi buruz esateko?". Hausnarketa hori izango da aurtengo Labur-labur lehiaketaren abiapuntua, eta bertan parte hartu nahi dutenek gai horrekin lotutako ikus-entzunezko lana prestatu beharko dute.
Lan hauek hamar minutuko iraupena izan beharko dute gehienez (hasierako gortina eta kredituak barne), eta jaialdiaren kartela erakutsi beharko dute hasieran. Gainera, euskaraz izan beharko dira, eta tartean beste hizkuntzaren bat erabiliz gero, euskarazko azpitituluak gehituko dira.
Filmak aurkezteko azken eguna maiatzaren 19a izango da, 23:59an, eta horretarako ermukogazteasanblada@gmail.com helbidera mezua bidali beharko da, eta proiektuaren esteka erantsi (YouTube, Drive, OneDrive, WeTransfer edo bestelako zerbitzua erabilita). Zalantzarik izanez gero, aipatutako helbidera idatzi daiteke.
Lehiakideak bi kategoriatan banatuko dira: nagusiak eta batxilergoko ikasleak, eta sari ezberdinak egongo dira: 150, 100 eta 50 euroko sariak nagusientzat, eta 100 eta 50 euroko sariak batxilergokoentzat.
Egitasmo honen antolatzaileak diren Gazte Asanbladak eta Euskal Birusak azaldu dutenez, maiatzaren 30ean, ostirala, bideo emanaldia eta sari banaketa egingo da Lobianon.