Zure haurtzaroan pentsatzean, zer datorkizu burura?
Nahiko bihurria eta mugitua nintzen, inguruko guztiak nekatzen nituen. Kalean egoten nintzen, lagunekin futbolean jolastean, eta eskolaz kanpoko ekintza askotan nenbilen: esku-pilota, Txindurri, futbola... Garai oso polita izan zen, alaia, eta jolasarekin lotzen dut.
Zertan egin nahi zenuen lan?
Ez neukan ideiarik ere ez! Teknologia Batxilergoa egin nuen, baina ez nuen nire burua ikusten beste lau urtez matematika eta fisika ikasten... Kirola gustuko neukanez eta arrebak esperientzia zuenez umeekin lan egiten, Lehen Hezkuntza ikastea erabaki nuen, Gorputz Hezkuntzako espezialitatean. Oso pozik nago hartutako erabakiarekin.
Umeak gustuko dituzu?
Bai! Praktikak egin izan ditudanean eta Antxitxiketaneko begirale ibili naizenean, oso-oso gustura egon naiz.
Non egiten duzu lan?
Euskaraldiko dinamizatzailea naiz, eta oso pozik nago, motibatzen nauen lana baita. Bestalde, Antxitxiketaneko koordinazio taldean nago, udalekuak prestatzen.
Zer da dinamizatzaile lanetik gehien gustatzen zaizuna?
Herriko jende ezberdinarekin nagoela harremanetan egunero, eta esparru ezberdinetako pertsonak eta erakundeak ezagutzeko aukera izaten ari naizela.
Eta gutxien?
Ordenagailu aurrean ordu asko eman behar izatea, aurrez aurreko hartu-emanak nahiago ditut.
Euskaren esparruan errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera izaten ari zara. Zein da zure ustez euskararen egoera herrian?
Lan handia dago egiteko, batzuk harreman estua dugulako euskararekin baina beste askok ez dute ezer jakin nahi, eta are gehiago, euskararekiko jarrera txarra daukate. Dena den, esan ohi da Ermua ez dela herri euskalduna, baina ez nago ados. Nire ingurua oso euskalduna da, bai nire adinekoak bai nagusiagoak eta gazteagoak ere, eta herrian ditudan harreman asko euskaraz dira.
Zer egiten duzu aisialdian?
Kirola egin, kirola ikusi eta lagunekin egon.
Zein kirol egiten duzu?
Duela 4 urte futbola utzi nuen, eta orain mendi-lasterketetan nabil. Txikitatik gustatu izan zait korrika egitea, baina orain gogotsu hartu dut eta asko gozatzen ari naiz. 2022an egin nuen lehen lasterketa eta aurten entrenatzaile batekin lan egiten ari naiz. Egunero entrenatzen dut, eta izugarri gustatzen zait mendia.
Zer ematen dizu, bada?
Egunerokotasuneko arazoak alde batera uzteko aukera.
Zenbat lasterketa egiten dituzu denboraldi bakoitzean?
Aurten zazpi bat egingo ditut, eta haietako askotara lagunekin joango naiz. Maratoi erdian (21 kilometro) ibiltzen naiz normalean.
Zein kirol jarraitzen dituzu?
Futbolzalea naiz, Athleticzalea topera, eta San Mamesen jokatzen diren partida guztiak ikusten ditut. Apirilean, Glasgowra noa lagunekin, Rangers-Athletic ikustera. Esku-pilota ere asko gustatzen zait.
Bidaiatzea atsegin duzu?
Bai, baina bidaia motaren arabera, alfertasuna izaten dut askotan. Dolomitetara poz-pozik joango nintzateke!
Musikazalea zara?
Bai, oso. Punk-rock estiloa gustatzen zait batez ere.
Ikusi duzun azken kontzertua?
Non Servium, Gasteizen, otsailaren 22an.
Telebista, irratia...?
Telebista: pelikula eta serie asko ikusten ditut.
Jatun ona zara?
Alergia diot arrainari; hori kenduta, denetik jaten dut.
Platerik gustukoena?
Ez nituzke egunero jango, baina asko gustatzen zaizkit pizzak eta hanburgesak.
Biziorik?
Musika eta kirola.
Bertute eta akats bana?
Esango nuke pertsona oso alaia naizela, beti brometan eta barre egiteko prest. Bestalde, oso burugogorra naiz, baina badakit barkamena eskatzen.
Eguneko zure momentua?
Iluntzean, etxera heldu, eta sofan esertzen naizenean, lasai-lasai, eguna eginda dagoela jakinda. Entrenatzen nagoenean ere oso gustura nago.
Zerk ateratzen zaitu zure onetik?
Inguruan edo sare sozialean bitartez injustiziaren bat ikusten dudanean, diskriminazioa, jarrera txarrak...
Eta zerk barrea eragin?
Lagunek. Orain kuadrilla ezberdinetako kideok taldetxo bat sortu dugu, eta oso gustura nago haiekin.
Zer eskatzen diozu lagun bati?
Konfiantza erakustea, entzuteko eta laguntzeko prest egotea, ondoan egotea une on eta txarretan...
Taldean zaudenean, nahiago duzu entzun edo hitz egin?
Momentuaren arabera, baina orokorrean hitz egitea nahiago dut.
Erraz haserretzen zara?
Ez, ez dakit noiz haserretu naizen azken aldiz...
Puntuala zara?
Bai, eta amorrua ematen dit besteak berandu heltzen direnean: errespetu falta iruditzen zait. Hala ere, baditut inguruan beti berandu heltzen diren lagunak, eta esan arren, berdin zaie, berandu heltzen jarraitzen dute.
Ondo moldatzen zara teknologia berriekin?
Bai, ordu larregi pasatzen ditut pantaila aurreran. Txikitatik jolastu izan dut bideojokoetara, eta gaur egun ere online jolasten dut sarritan lagunekin, kaskoak jarrita, beste gauza batzuei buruz hitz egiten dugun bitartean.
Zure bizitzako egunik zoriontsuena?
Duela urtebete Sevillara joan nintzen lagunekin asteburu pasa, Kopako finala ikustera. Hogei lagun batu ginen, eta oso egun polita igaro genuen, ahaztezina guztiontzat. Gainera, Athleticek irabazi zuen!
Zein albiste irakurri nahiko zenuke?
Faxismoaren kontrako albiste positiboren bat.
Berriro jaioko bazina, zerbait aldatuko zenuke?
Ez.
Iragana edo etorkizuna ikusi nahiko zenuke?
Etorkizuna ez. Agian atzera egingo nuke...