Zer dela eta hasi zinen mekaniko bezala?
Duela 10 urte inguru txirrindularitzan lehiatzeri utzi nion, lesio baten ondorioz. Txikitatik gustatu izan zait mekanikaren mundua eta bizikletak konpontzea, eta anaia Peioren taldean hasi nintzen lanean mekaniko bezala, Ampo taldean, hain zuzen ere.
Gaur egun zein taldearentzat egiten duzu lan?
Euskadi Fundazioan egiten dut lan, eta bertan dauden hiru taldeetako mekanikoen koordinatzailea naiz: Euskaltel-Euskadi (gizonezkoen taldea), Laboral Kutxa-Euskadi (emakumezkoena) eta Euskadi Fundazioa, 23 urtez azpiko txirrindulari amateurrak batzen dituena. Lasterketetan, aldiz, Euskaltel-Euskadi taldeaz arduratzen naiz. Talde hau UCI Zirkuitu Kontinental profesionalen mailan dago gaur egun, bigarren maila izango litzatekeena.
Zenbat urte daramatzazu bertan?
Zazpi urte. Aurretik hiru urte eman nituen Caja Ruralen, baina giroz aldatu nahi nuen eta Euskaltel mekaniko bila zebiltzanez, eta anaiak ere bertan lan egiten duenez, neure burua eskaini nuen eta kontratu egin ninduten berehala.
Euskadi Fundazioa taldeko mekaniko guztien ardura daukazu. Zenbat lagunek osatzen dute lantaldea?
Hiru taldeen artean hamaika bat mekaniko izango gara, eta guztira berrogeita hamabost txirrindulari daude (Euskaltel-Euskadin hogeita bat, Laboral Kutxan hamalau eta gazteen taldean hogei). Lasterketetara zazpi txirrindulari eta bi mekaniko joan ohi gara.
Zeintzuk dira koordinatzaile bezala egiten dituzun lanak?
Gure bizikleten markekin harremanetan egon behar naiz, bizikleta osatzen duten atal guztien materialaz hornitu behar garelako. Kontuan izan behar da txirrindulari bakoitzak lau bizikleta dituela, beraz, guztira 160 bizikleta inguru prestatu behar ditugu. Montajea urte hasieran egiten dugu, bizpahiru mekanikoren artean.
Eta lasterketetan zein lan egiten duzu?
Lasterketa egunetan, gauean egiten dugu bizikleten mantenua eta azterketa, eta goizeko lana erroberak puztea bakarrik izaten da gehienetan. Bestalde, txirrindulariak lasterketan dauden bitartean, haien ondoan joaten gara kotxean, eta matxuraren bat baldin badago edo gurpilen bat zulatzen bada, ahalik eta lasterren konpontzen saiatzen gara. Bukatutakoan, dena jaso, hotelera iritsi, kotxeak eta bizikletak garbitu, eta bizikletak errepasatzen ditugu, hurrengo egunean dena prest izateko.
Lasterketetan gizonezkoen bizikletak prestatzen dituzun arren, emakumezkoentzat ere lana egitea tokatu izan zaizu. Lan ezberdina da?
Ez, berdin-berdina, bizikletaren neurria da aldatzen den gauza bakarra, baina egin beharrekoa ez da aldatzen.
Zein erreminta da ezinbestekoa zure egunerokotasunean?
Allen giltzak. Beti daukat baten bat poltsikoan eta, egunero hotelera bueltatzen naizen arren, askotan mesanotxean lagatzen dut hurrengo egunerako.
Formakuntza berezia duzu mekanikaren esparruan? Beharrezkoa da etengabeko formazioa?
Gaur egun ikastaro asko daude bizikleten mekanikari buruzkoak, baina nik neure kabuz ikasi izan dut ia dena, txikitatik: besteek nola egiten zuten ikusita eta, batez ere, nik neuk etxean trasteatzen. Dena den, azken hamar urteotan bizikleten mundua asko aldatu da, eta orain teknologia berriak erabiltzen dituzte. Martxa-aldagailuak elektronikoak dira, esaterako, eta lan batzuk ordenagailuarekin egin behar izaten ditugu, aldagailuen eta frenoen bateria kargatu behar da... Lehen dena zen mekanikoa.
Mekanikoa edo elektronikoa, zer nahiago duzu zuk?
Gauza batzuetarako hobea zen aurrekoa: zerbait apurtzen bazen, berehala antzematen zenuen. Orain ez da hain erraza eta atal ezberdinak banan-banan begiratu behar dituzu.
Mekanikoen lanak eragina izan dezake txirrindulari baten garaipenean?
Neurri batean bai, jakina. Mekanikoek eta laguntzaileek 24 orduz egiten dute lan txirrindulariarentzat, eta txikikeria eman dezakeen arren, disko-balazta apur bat ezkerrera edo eskumara egoteak, esaterako, garrantzi handia izan dezake. Dena den, taldeko kide guztien lanak dauka garrantzia: masajistena, sukaldariena...
Bizikletak konpontzeaz gain, harremana duzue txirrindulariekin?
Bai, egunero hitz egiten dugu, ordu asko ematen ditugu elkarrekin.
Badaude txirrindulari batzuk bereziki exijenteak direnak?
Bai, denetik dago. Batzuk edozerrekin konformatzen dira, eta beste batzuk oso bereziak dira, jasangaitzak! Egunero esaten dizute zerbait milimetro bat mugitu behar dela! Azkenean uste dut izaera kontua dela…
Zer da zure lanaz gehien gustatzen zaizuna?
Bizikleten munduko frikia naiz txikitatik, eta lasterketak eta sailkapenak ikusten egon naiteke egun osoa. Hau da nire mundua, eta asko gustatzen zait.
Eta gutxien?
Egun asko ematen ditugula etxetik kanpo, eta gauza askotaz gozatzeko aukera galtzen dugu. Lan hau asko gustatu behar zaizu, bestela ez duzu astebete irauten... Urtean 140 egun ematen ditut etxetik kanpo (bi, hiru edo lau aste jarraian), eta denboraldia bukatutakoan, neguan, hilabete egoten naiz etxean. Lan honek alde onak eta txarrak ditu, lan guztiek bezala, baina gaur gaurkoz konpentsatzen dit.
Badaude bidaia batzuk beste batzuk baino gehiago gustatzen zaizkizunak?
Egia esan, materiala kamioarekin eramaten dugunean, Italiara edo Esloveniara adibidez, bidaiak oso astunak dira, ordu asmo ematen ditugulako errepidean. Egunotan, aldiz, Taiwanen nago, eta mota honetako bidaiak asko gustatzen zaizkit. Hemen gauzak sinpleagoak dira, txoko bat topatu behar duzu bizikletak konpontzeko, garbitzeko... bizirautea da kontua! Uste dut lan egiteko baldintzak zenbat eta okerragoak izan, orduan eta gehiago gozatzen dudala.
Urte hauetan, zein herrialdetan egon zara?
Besteak beste, Japonian, Txinan, Malaysian, Turkian, AEBetan, Norvegian eta Europa guztian. Izan ere, txirrindularitzaren erreferentzia-gunea Europa da (Italia, Belgika...) eta herrialde asiarrak ez dira oso ohikoak, baina bizikletak eta material asko hemen egiten direnez, lasterketak ere antolatzen dituzte. AEBetan, aldiz, sekulako gainbehera egon da azken laupabost urteotan. Garai batean lasterketa garrantzitsuak egiten ziren bertan, baina gaur egun ia ez dute ezer antolatzen.
Ondo moldatzen zara beste hizkuntzetan?
Hizkuntzetan hutsaren hurrengoa naiz, baina urte asko daramatzat munduan zehar eta ez naiz inoiz galdu: hizkuntzak nahasten edo keinuen bitartez nire helburua lortzen dut beti!
Horrenbeste egun etxetik kanpo emanda, lankideok familia txikia osatuko duzue...
Bai, duela hamar urte bizpahiru pertsona ezagutu nituen gaur egun nire taldean daudenak, eta familia bezalakoak dira. Izan ere, lan honetan lankideekin harreman ona ez baduzu, jai daukazu! Egun asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta aisialdia ere partekatzen dugu.
Anaiarekin lan egiten duzu?
Zuzenean ez, bera emakumezkoen taldeko kirol-zuzendaria delako gaur egun, baina harreman estua daukagu. Egunero hitz egiten dugu eta taldeen eta lasterketen inguruko informazio guztia partekatzen dugu.
Nola ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara? Bizikleten munduari lotuta jarraitzeko asmoa duzu?
Beti esaten dut ez dakidala beste ezer egiten, baina egia esan ez nuke arazorik izango beste zerbaitetan lan egiteko. Hemendik bi urtera edo urtebetera zer? Ez dakit. Gauzak momentu batetik bestera aldatzen dira.