Anai-arrebak Zubiaurreko euren etxeko terrazan.
Ermuko Ignacio Olañeta, gaur Zubiaurre kalian, jaixo zan 1952ko uztaillaren 18an, aitxitxa eurenak jarritxako Salaberrianeko taillar gaiñeko etxian. Casto Salaberria eta Igone Fuldainek izandako 8 seme-alabetatik hirugarrena izango zan bera: neskato alaixa, geldieziña, olgatzeko prest beti. "Etxe aurrian olgatzen genduan, orduan kotxerik bez eta kaleko ume dan-danak ibiltzen giñan alkarrekin: soka-saltuan, pote-poteka, goitxi- beheran, hasi kalian goikaldian eta Komentukurainok, barandilletan txiribueltak eitxen, antxitxiketan beti, gora eta behera… Alkarri harrika eitxera be igual! Sarri bajatzen giñan errekara eta udan Drogeten itxurrira, igerixan eitxera… Batzutan, merkaura etortzen ziran baserritxarren astotzaretara igo, alderdi bakoitzian gutako bat jarri eta arre! Jasone ez zan atzian geratzen!”, gogora dakar Amaia ahizta nagusixak. Euren lehengusiña Agurtzane Salaberriak be “txintxurrian eta tortolosetara” ibiltzen zirala gogoratzen dau, kalian eta aldran beti.
Jasone Asier anaiakin, ilea elkarri moztu zioteneko hartan. Atzean Drogeten Rantxua. 1958.
Jasonek 10 urte zitxuala, famelixia Durangora juan zan bizi izatera. Han Nevers ikastetxe frantsesian ikasi zeban, eta Magisteritza gero. 70eko hamarkada hasie- ran eta, maistra titulua ondiñok eskuratu barik, Ermuko Anaitasuna Ikastolan ekin zotsan biharrian, Lehen Hezkuntzan hasieran eta txikixekin gerora. Haren ikasle izandako askok estima haundiz gogoratzen dabe.
Ermuko Anaitasuna Ikastolan Jasone Salaberria irakasle.
Oi, Ziberua!
Eskola-oporretan Iparraldera, Ziberuara juaten hasi zan, hango euskalkixa aztertzeko asmoz; gerora zuberera eta nafar-lapurtarraren ahoskera eta akustikaren ikerketan murgilduko zan batez be. Barkoxen ezagututako Jean-Michel Larrasketekin Toulousen ezkondu zan, senarra bertako unibertsidadian irakasle zala. Bizitzak gero Baionara eruan zeban bikotia.
Baiona Ttipian Jean-Michel Larrasquet eta Jasone Salaberriaren etxebizitza.
Bordele-Montaigne Unibertsidadian doktoretza eskuratu zeban. Bi tesi aurkeztu zitxuan: 1991an, Prosodia eta silabismoa xiberutar kantu tradizionalean eta 1998an, Zuberera barkoxtarreko bokalen azterketa akustikoa. Anuntxi Arana eta bera izan ziran Ipar Euskal Herrixan euskeraz aurkeztutako lehen doktore-tesien egilliak.
Jasone Salaberria Egunkarian.
Seaskaren, Ipar Euskal Herriko Ikastolen, bultzatzaile izan zan, bertako irakasle be, eta Baionako Bernat Etxepare lizeoan luzeruan euskera eta euskal literatura erakustaille. Aldi berian, euskera ikasteko liburu eta materixalak argitaratu zitxuan: 2009an, Jean Baptiste Coyosekin batera, Le basque pour les nuls, 2012an gaztelaniaz berrargitaratua Euskera para Dummies izenburupian.
Ikerlari nekaeziña
Hainbat proiektutako partaide izatera bultzatu zeban bere ikerlari senak: Baionako IKER zentruan, euskeran eta euskal testuetan sakontzen; 2005ean antropologo, genetista eta hizkuntzalari desbardiñekin batera ADN mitokondriala eta Y kromosomak aztertzen; 2012an Iparraldeko belaunaldi desberdinen euskaldunen hizkera alderatzen; 2017an Lehen Mundu Gerrako euskal presoen grabaketen transkripziño fonetiko eta ortografikuak eitxen…
“Argixa, efizientia, bihargiña…”, holan definitzen dau Agurtzanek. Amaiari galdetuta, “laguntzaillia, eskuzabala, lagun eitxaillia, harrotasun bakua… Sekula bez geldik, ikasten eta ikasi guran beti. Lagun batek ‘ikasle eternua’ deitzen zotsan. Etara kontuak: erretirua hartuta be, ondiñok bere ikerketa eta biharrokin jarraitzen zeban!”. Hitzaldi, mintegi eta kongresu ugaritan bere iritzia partekatu dau sarritxan; elkarlanian gero hainbat ikerlan idatzi eta argitaratutakua da.
Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako lehendakariorde izan zen Jean-Michel Larrasket, 2012tik 2018ra, zendu zan arte. Jasone emaztea kide aktiboa izan da azken unera arte, gaixotuta be, bertakuekin lanian jarraitxuz. 2018an, erakundiaren 100. urteurrenian, antolaketan buru belarri ibilli zan, eta Baionan burututako kongresuan Iparraldeko kideen ordezkari izan zan. Oihana Zamponi-Galé, Eusko Ikaskuntzako komunikazio arduradunan dionez, “berari esker euskararen ikusgarritasuna asko emendatu dela Iparraldean”. Oihanan irakasle izan zan lizeoan eta aipatzen doskunez “beti hor izan da gazteen laguntzaile eta bultzatzaile gisa, beti hor aholkuak eman eta pettoak zuzentzeko. Aski zeila da bere karakterea definitzea: pertsona zorrotza zen, baina zentzu onean, erran nahi dut gauzak untsa eta segur egiten zituela eta beti burura eramaten, ez zuen fitsik bukatu gabe uzten. Dudarik gabe, feminista handia zen eta gorroto zuen injustizia. Kalipu handiko emaztia, eskuzabala, beti laguntzeko prest… Ez zuen inioiz jendea inkietatu nahi, umiltasun handikoa zen. Etsenpluan hartzen ahal zen emaztia!”.
Jean-Michel Larrasquet eta Jasone Salaberria.
Euskeraren ekintzaillia eta defendatzaillia izan zan Jasone. Euskeria maitxe zeban eta herri-hizkeren aberastasuna miresten. Ziberukuekin zuberotarrez jarduten zeban; mugaz beste aldeko etxekuekin, bizkaieraz. Ermuarra sentidu zan beti eta, juaten zan lekura juaten zala, bere jatorrixa erreibindi- katuz. “Durangora juan giñanian be, berak Ermukua zala esaten zeban; bertako Ikastolan biharra eitxeran, loturak mantendu zitxuan. Bere esaldixa zan: ni ermuarra naz, Ermukua naz”, diño Amaiak.
Jasone Salaberria Fuldain Baionan zendu zan, 2021eko apirillaren 8an, hillabete batzuk gaixorik emon ondoren. Bere heriotzan barri laster aillegatu zan jaixoterrira eta, mezu kate luze haretan, herritar baten proposamena: “Inoiz Ermuan lekuren bat (kale, plaza, eraikin…) izendatu beharra badago, hona hemen emakume ermuar eredugarri batena. Bere izaera, ibilbide eta ekarpenak balioan jarri eta ahanzturan ez geratzeko bide gisa”. Bada, halaxe egin dabe Baionan:
Larrasquet-Salaberria plazabaratzea
Jean-Michel Larrasquet senarra zendu zenean, bere omenezko izena jarri zioten plazatxo bati, hain justu bikotea bizi zen etxe ondokoari. 2019ko urrian erabaki zuen Baionako udal kontseiluak Larrasqueten izena jartzea, Iparraldeko garapen ekonomiko eta sozialean egindako lan eskerga aitortze asmoz. 2021an, Jasoneren izena ere gehitu zioten, euskararen gaineko bere ikerketen aitortza gisa.
Bikoteari omenaldia, euren izena daraman plazan.