Kanpaldia antolatu dute Haur Kontseiluak eta Udalak elkarlanean

Ander Gomez 2025ko api. 8a, 07:14

Haur Kontseiluko kideek proposatuta eta Ermuko Udalaren laguntzari esker, umeei zuzendutako kanpaldi berezia egongo da datorren hilean: 2015, 2016 eta 2017an jaiotakoek maiatzetik ekainerako gaua pasako dute elkarrekin, bezperan ekintza eta jolas pilatan parte hartu ostean.

Kanpaldira batzea doakoa da, baina plazak mugatuak direnez, izena lehenbailehen emateko gomendatu dute Udaletik.

Atzo zabaldu zuten izena emateko epea eta apirilaren 28ra arte egongo da zabalik. Interesatuek izen-emate formularioa bete beharko dute, ahalik eta lasterren, plazak eskaeren jasotze-ordenaren arabera betetzen joango dira-eta. 100 plaza daude guztira eta 2015-2017 urteetan jaiotakoak bakarrik onartuko dituzte.

Plaza lortzeko zortea dutenek, ekainari ongietorri ezinhobea eman ahalko diote: Maiatzaren 31n, larunbat arratsaldean, San Pelaioko parkean elkartuko dira guztiak eta, begiraleen gidaritzapean, jolas eta dinamika mordoxka izango dituzte. Iluntzean, euren afaria prestatuko dute eta, horretarako, herritar nagusienek osatutako Ermua Hiri Lagunkoia talde eragilearen laguntza izango dute. Gaua kiroldegian emango dute, baina ez dira zuzenean lotara joango; aurretik, musikaz beteriko disko-festa izango dute bertan. Kantu eta dantza egiteaz leher eginda daudenean bakarrik joango dira lotara. Lo-zakuak hartu eta saskibaloi kantxan pasako dute gaua. Igande goizean (ekainaren 1a jada), guztiek batera gosalduko dute eta, ostean, San Pelaioko parkera bueltatuko dira, familiekin batu eta kanpaldiari amaiera emateko.

Eraman beharrekoak —eta etxean utzi beharrekoak—

Parte hartzen duten umeek honakoak eraman beharko dituzte: Arropa eta oinetako erosoak, motxila, esterilla, lo-zakua, burkoa, pijama, hortzetako eskuila eta pasta, toalla, linterna, txankletak eta berokia. Bestelako objektu pertsonalak ere eraman ditzakete, baina guztietan euren izena ipintzea gomendatu dute. Bestalde, debekatuta izango dute gozokiak zein gailu elektronikoak (mugikorrak, erloju adimendunak, bideojoko makinak...) eramatea.