Julen Gastonek zilarra lortu zuen Enkarterriko trailean

Ander Gomez 2025ko api. 9a, 13:05

Julen Gaston lagunekin Enkarterri Extrem Traileko helmugan, garaikurra eskuan.

Apirilaren 5ean jokatu ziren Enkarterri Extreme Trailak eta bertan izan zen Julen Gaston Gorritxategi korrikalari ermuarra. 30 kilometroko trailean hartu zuen parte eta, lasterketa bikaina egin ostean, podiumera igotzea lortu zuen. Argazkiak: @julen.gaston

Zapatua Zaramillon (Bizkaian) eman zuen Julen Gastonek, Enkarterri Extreme Trailean parte hartzen. Apino Uzturre kirol elkarte tolosarra ordezkatuz, lasterketa bikaina egin zuen ermuarrak: Bosgarren iritsi zen 19. kilometroan zegoen lehen kontrol puntura eta gero, bigarreneraino zeuden zazpi kilometro eskasetan, hiru aurreratze egin zituen. Helmugaraino bigarren postu hori mantentzea lortu zuen, lasterketa osoan mantendutako 6:04 min/km-ko erritmoa 5:30era jaistea lortuta.


Podiumean, garaikurra jaso ostean.

Bolada txarrari buelta emanda

Gastonek sareetan azaldu duenez, ez du urte hasiera erraza izan: "Karreretan dana kontran, komeriak... eta txapona beti gurutze". Azken lasterketa honetan, ordea, zalantza denak uxatzea lortu du eta, orain bai, "txapona alde" atera zaiola dio. Harro agertu da egindako lanagatik eta eskertuta jasotako babes guztiarekin: "Enkarterrikoa atzetik aurrera egindako karrera izan da; neregaitik, bertan egon ziran hooligan ezin hobiengaitik eta baita egunerokuan dauzenengaitik be". 

Traileko azken metroak egiten, bere "hooligan"-en babesarekin.