Ezekiel Etxebarria saria pozik jaso zuen Joseba Sarrionandiak

Estibalitz González 2025ko api. 15a, 12:45

Liburutegian gehien mailegatu den liburuari ematen zaio Ezekiel Etxebarria saria eta 2024an “Markos Gimenoren 101 letrakartel” izan da irakurriena, artista ermuarraren bizitza eta obra jasoaz Joseba Sarrionandiak idatzi eta koordinatu duen lana. Irudiak: Fernando Aranberri eta Estibalitz González.

Ermuko Udaleko Euskara sailak bultzatuta, Ezekiel Etxebarriaren omenezko sariaren XVII. edizioa izan da aurtengoa. Atzo (astelehena) Lobianon egin zen sari banaketa xumeak Markos Gimenoren senide, lagun eta ezagunak batu zituen beste behin. Bertan ziren ere palindromoak irudi bihurtuz liburuan parte hartu duten artistak eta beraiei ere eskaini zien saria Joseba Sarrionandiak “liburuan nirekin lanean egon den jende pila. Bertan 101 palindromo daude eta bakoitza lagun batek egin du, ermuarrak edo Ermua ingurukoak. Lan kolektiboa izan da, auzolan modukoa“ azaldu zuen. Saria gustuz hartu duela esan zuen iurretarrak, “batez ere Markosengatik eta Markosen lagunengatik, ze liburuan neu agertzen naiz, bai, baina lan guztiaren abiapuntuan Markos eta bere genialidadea daude, bera da benetako autorea” azpimarratu zuen. “Sari oso polita da, ze Markos ez zen ezaguna Ermua eta Eibartik kanpora, eta lanaren helburuetako bat zen bere sormena espazio komunikatibora itzultzea, zabaltzea eta horretan gabiltza” gaineratu zuen. 

Bi urte eta erdi eman ditu lana prestatzen, bere berbetan “zoratuta” eta harriduratik irten ezinik azaltzen zen materialen aurrean: palindromoak, kalanburrak, hitz-asmaketak, marrazkiak, logoak, abestien letrak… “Bere obran sartu garenok bere gurpilean sartu gara, bere sormen proposamen ludikoan” esan zuen. Liburuak egiten duen ekarpena balorean ipini zuen, “Markosen bizitzaren zehar historia bat eman da herrian eta liburuaren bidez historia errekuperatu ahal izatea jendeak asko eskertu du, Markos bera  ezagutzeaz gain; nire ustez liburuaren bitartez lortu dugu guzti hori”.