GURETIK MUNDURA

Aitor López, ermuarra Málagan: “Andaluziak bere hiztegi propioa du, eta horren barruan probintzia eta herri bakoitzak berea”

Nahia Ruiz Albizuri 2025ko api. 22a, 10:20

Orain dela hemeretzi urte joan zen Málagara bizitzera Aitor López ermuarra, eta ordutik bertan dago, Torre del Mar herrian, hain zuzen.

Zergatik joan zinen Málagara?
Oporretan etortzen ginen hasieran, bere momentuan boom handia egon zelako eta Eibarko eta Ermuko jende askok hemen erosi zuen etxea. Nire arreba batek Eibarko etxe batean egiten zuen lan, eta uda batean oporretan eraman zuten eurekin. Gerora gu ere hasi ginen oporretan hona etortzen, eta neska bat ezagutu nuen. Hasieran udako zerbait zen, baina luzatu egin zen denboran eta azkenean hona etorri nintzen bizitzera.

Orain dela zenbat joan zinen?
2006an etorri nintzen, 29 urte nituela. Jada 19 daramatzat hemen.

Badago hitzen bat bertan erabiltzen dutena eta hemen ez?
Andaluziak bere hiztegi propioa du, eta horren barruan probintzia bakoitzak berea. Herriz herri ere aldatu egiten da! Nire emazteak beti esaten dit dena percadío lez laga dudala, esaterako. Taladroari ere guarrito esaten diote, bazegoelako lehen Warrington deituriko marka bat, eta izen hori geratu zaio…

Nolakoa da zure egun libre bat?
Nola azaldu! Etxetik ehun metrotara hondartza daukat. Normalean txakurtxoarekin paseoan irteten naiz, kaña batzuk hartu, tapeoa… eguzkitan egiten diren ekintzak! Horretaz gain, Eibar futbol taldeak, Barakaldok edota Realak jokatzen badute, haien partiduak ikusten ditut. Eibar nire taldea da, Barakaldon nire ilobak jokatzen du eta Reala betiko taldea da. Nire emazteak beti esaten dit futbola bakarrik dudala buruan!

Bertako eguraldia edo hemengoa nahiago duzu?
Asko gustatzen zait eguzkia eta beroa. Egia da ezin dela lorik egin 40 gradu daudenean, baina hala ere beroa nahiago dut. Emaztea eta biok urte erdiz egon ginen Ermuan bizitzen, eta lehenengo hamar egunak euritan igaro genituen… Eta emazteak eguzkia behar du. Gainera, hemen uraren inguruan kultura handia dago. Euri asko egiten ez duenez asko zaintzen dute, ez da han bezala, etxean beti dugula ura... Urte batzuetan bost egunez bakarrik egin du euria. Hori bai, egunen batean euria indartsu botatzen badu, hurrengo egunean dena berde-berde egoten da.

Zein da bertako janari tipikoa?
Hemen badago plater bat gazpachuelo deitzen dena: ez du gazpatxoarekin zerikusirik, arrautza zopa bat da. Horrez gain, pescaítoa ere asko gustatzen zait. Bestalde, ez da okela askorik jaten, gehiena txerria eta oilaskoa izanik.

Faltan botatzen duzu Ermua?
Familia eta lagunak asko botatzen ditut faltan. Bizpahiru aldiz joaten naiz urtero eta gustuko dut haiek ikustea. Askotan, bertan nagoenean, Ermuan bizi nintzenean agurtzen ez ninduen jendeak agurtzen nau, eta harritu egiten naiz oraindik gogoratzen nautela ikustean. Gainera, orain dela gutxi Jon Aramendik aurkezten duen “Reacción en Cadena” saioan egon ginen nire arrebetako bi eta ni, eta “los López de Ermua” izena jarri ziguten. Jendeak oso ondo egin genuela helarazi zigun, eta hori bihotzean eramaten da.