Kenyako ipar-mendebaldean dago Kaikor, Turkana distrituan. Afrikako lekurik beroenetakoa, lehorrenetakoa eta behartsuenetakoa da, eta gertuen dagoen herria Lodwar da, 260 kilometrotara; Nairobi hiriburua, aldiz, 1.000 kilometrotara dago. 5.000 pertsona inguru bizi dira bertan, nomadak dira, eta ahuntzen artzaintza praktikatzen dute gehienbat. Gainera, duela urte gutxira arte, ez zeukaten ezer ereiteko aukerarik, ur eskasia dela-eta. Hango errealitatea 2009tik hasi zen aldatzen, Marianita erlijiosoak bertara heldu zirenetik, alegia.
Bertan emandako urteetan, Marianita Kongregazioak hango herritarren bizi-baldintzak hobetzeko proiektu ezberdinak garatu ditu, batez ere emakumeei, umeei eta pertsona nagusiei zuzenduta: haurtzaindegiak eta ospitale zerbitzu mugikorra, besteak beste. Halaber, hainbat putzu eraiki eta horien inguruan ortuak prestatu dituzte. Zeregin guzti hauetan Euskal Elizbarrutietako Misioen laguntza jaso dute 2015tik, hala nola Ermuko Udalarena, 2020an batu baitzen proiektu honetara. Aurten ere, martxoan iragarri zuen bezala, 10.000 euro bidaliko ditu Udalak bertara, proiektuak bere bidea jarraitu dezan.
Lan lerroak
Ermuko parrokia-komunitateko kideen esanetan, misio honek bost lerro ditu. Lehenengoa emakumearen ahalduntzea da. Arlo horretan, emakumeak gizartean duen papera indartzen da, eta erremintak eta aukerak ematen zaizkio erabakiak hartu ahal izateko eta diru sarrerak lortu ahal izateko, eskulanen tailerretan parte hartuz (bitxigintzarekin eta joskintzarekin lotutakoak) eta ekintzailetasuna bultzatuz: emakumeek hainbat denda zabaldu dituzte azken urteotan eta haietako batek errota bat jarri du martxan.
Bigarren helburua umeen osasuna hobetzea da. Esparru horretan berebiziko garrantzia dauka misiolariek daukaten klinika zerbitzu mugikorrak. Bertan txertoak jartzen dira, haurdun dauden emakumeak zaindu eta eriak artatu, besteak beste. Ezinbestekoak dira baita ere eraiki dituzten ama-haurrentzako hamabi zentroak. "Azpimarratzekoa da horietatik zazpik Ermuko Udalaren dirulaguntza jaso dutela —azaldu dute parrokia-komunitateko kideek—. Bertan 1.400 ume batzen dira eta haien elikadura, heziketa eta osasuna bermatzen da".
Hirugarren lan ildoa garapen ekonomikoari dago lotuta, eta ortu komunitarioen bitartez gauzatzen da, elikadura ziurtatzen dutenak. Babarrunak erosten dituzte, baina arroza eta artoa landatzen dute, eta porish deitutako ahia modukoa jaten dute. "Ortuek erruz ematen dituzte sandiak, hala nola kuiak eta tipulak —azaldu dute Ermuko parrokiako arduradunek—eta azken urteotan oiloak ere badituzte".
Laugarren helburuak garapen iraunkorrarekin dauka lotura eta helburu hori bermatzeko nekazaritzaren arloan egiten diren jarduerak zaintzen dira, oinarrizko azpiegiturak eraikitzen dira (tartean putzuak eta urtegiak), eta eguzki-panelak jartzen dira.
Lana nagusiekin
Azkenik, bosgarren lerroa, umeen heziketari begira dago baita ere, Lehen Hezkuntzako eskola bat sortu baita, gazteei prestakuntza aukerak eskaini ahal izateko. "Aipatzekoa da bertako gurasoen ikuspuntua aldatzen ari dela, eta gaur egun ez dituztela seme-alabak eskolara eramaten bertan gosaltzeko eta bazkaltzeko. Gaur egun etorkizunerako aukera bezala ikusten dute, eta hasi dira diru kopuru txiki bat ordaintzen umeek bertan ikasi dezaten", azaldu du parrokiako kidea den Esti Durán ermuarrak.
Misiolariek lan berezia burutzen dute pertsona nagusiekin ere, Turkanako gizartearen barruan haiek direlako ahulenak eta egoera zaurgarrienean daudenak. "Bertako bizi esperantza oso baxua da, 40-45 urte , eta Marianitak elikagaiak eta osasun-arreta eskaintzen saiatzen dira", esan du Duránek.
Esti Durán 2018an egon zen Kaikorren hilabetez, eta bere esanetan, bertan bizitzea oso gogorra da, baldintzak muturrekoak baitira. Laguntzera doazenak ere zailtasunak izan dezakete hizkuntzarekin, han swahiliz eta turkanoz hitz egiten delako, eta gutxi batzuk dakitelako ingelesa, “hala ere, azkenean haiekin elkar ulertzea eta aurrera egitea lortzen da", azaldu du.