BOTEPRONTOAN

Anna Batlle: "Espero dut egunen batean euskaraz komunikatu ahal izatea"

Dorleta Vidal 2025ko eka. 14a, 08:00

Oloten (Girona) jaioa duela 33 urte. Bera baino gazteagoa den ahizpa dauka. Farmaziako ikasketak egin zituen Bartzelonan, eta 2022ko abenduan Ermura bizitzera etorri zen, bertakoa du-eta mutil-laguna. Lau urte daramatza euskara ikasten, garrantzitsua iruditzen baitzaio lekuan lekuko hizkuntzan hitz egitea.

Zure haurtzaroan pentsatzean, zer datorkizu burura?
Denbora asko igaro nuen lagunekin jolasten kalean, eta gogoan daukat pinturara eta musika eskolara joaten nintzela: pianoa jotzen nuen. Pintura ere asko gustatzen zitzaidan, baina ez nintzen batere trebea...
Zer ikasi zenuen?
Farmazia ikasi nuen Bartzelonan, eta bukatutakoan Oloten hasi nintzen lanean. Gero, masterra egin nahi nuen, eta Bilbora etorri nintzen ikastera. 
Zenbat denbora eman zenuen Bilbon?
Hiru urte, eta hango giroa asko gustatu zitzaidanez, hemen geratzea erabaki nuen pandemia ostean. 
Ermura etorri zinen gero...
Bai, bikotekidea hemengoa da, eta abenduan hiru urte egingo ditut Ermuan bizitzen. Egia esan Bilbo gehiago gustatzen zitzaidan, baina oso gustura nago hemen ere. 
Jaioterrira begiratzean, zerbaiten falta igartzen duzu?
Familiarena, baina mugikorrarekin oso erraza da harremanetan egotea, eta egunero edo ia egunero amarekin edo amama-aititerekin hitz egiten dut. 
Sarritan bueltatzen zara Olotera?
Oporretan: Aste Santuan, udan eta Gabonetan. 
Eta hangoak etorri zaizkizu bisitan? 
Bai, senideak behin etorri ziren eta Ermua herri txikia iruditu zitzaien, zulo batean sartuta, baina gustatu zitzaien. Bi lagun ere etorri izan zaizkit bisitan.
Kostatu zitzaizun hemengo bizimodura moldatzea? 
Hemengo eguraldia, esaterako, oso gogorra egin zitzaidan hasieran, baina jendeak oso ondo hartu nau, oso jatorrak dira, eta badaukat lagun taldetxoa ere. 
Ermuko botika batean egiten duzu lan hona etorri zinenetik, baina zenbat urte daramatzazu farmaziaren munduan lan egiten?
Guztira lau urte, eta aurretik laborategi batean egiten nuen lan. Egia esan, lehen laborategiko lana nahiago nuen, ez zitzaidalako gustatzen jendearen aurrean lan egitea, baina gaur egun hori da nire lanaz gehien gustatzen zaidana. Bezero batzuekin konfiantzazko harremana sortzen da.
Eta gutxien?
Ordutegiak. 
Zenbat denbora daramazu euskara ikasten?
Lau urte eta erdi, Bilbon hasi nintzen, izan ere garrantzitsua iruditzen zait bizi zaren lekuan hitz egiten den hizkuntza ezagutzea. Orain ez dut ondo hitz egiten, baina espero dut egunen batean hobeto hitz egitea eta jendearekin euskaraz komunikatu ahal izatea. 
Izena eman zenuen Euskaraldian?
Bai, Belarriprest rola hartu nuen. 
Euskara ikasteaz gain, zer egiten duzu denbora librean?
Astean zehar ez daukat beste ezer egiteko denborarik, baina asteburuetan jai daukadanean, inguruko herriak ezagutzera joaten naiz sarritan. Bilbo asko gustatzen zait, eta Lekeitio ezagutzeko daukat oraindik. 
Bidaiazalea zara?
Bai, asko. Europako herrialde askotan egon naiz eta orain urrutiago joan nahi dut. Iaz Japonian egon nintzen, eta aurten Perura joango naiz mutil-lagunarekin.  
Musika gustatzen zaizu?
Bai, denetik entzuten dut, irratia entzuten dudalako askotan, baina rocka gustatzen zait bereziki. Marea, esaterako, asko gustatzen zait. 
Jatun ona zara?
Denetik jaten dut, baina gehien gustatzen zaidan janarietako bat sushia da. Pare bat bider egin dut etxean, baina ez da gauza bera...
Kozinatzea gustatzen zaizu?
Bai, denbora daukadanean, bai.
Egunero kale egin gabe egiten duzun hori...
Esnatzeko alarmak jotzen duenean, hamar minutu atzeratzen dut; berriro jotzen duenean, berriro hamar minutu atzeratu... Hirugarrenez jotzen duenean altxatzen naiz. 
Eguneko zure momentua...
Arratsaldeko lana bukatu eta gero, etxera heldu eta bost-hamar minutu etzaten naiz sofan, lasai. Gero berriro martxan jartzen naiz. 
Pazientzia daukazu?
Badaukat, baina gero eta gutxiago. 
Zerk ateratzen zaitu zure onetik?
Ibiltzen joatea, aurrekoak oso motel joatea, eta aurreratzeko tarterik ez izatea, adibidez. Edo garraio publikoan joatea eta jendea musika entzuten joatea kaskorik gabe.  
Eta barrea eragin?
Gauza askok, umore oneko pertsona naiz.
Puntuala zara?
Bai, eta gustatzen zait besteak ere puntualak izatea. 
Elkarrizketa batean nahiago duzu entzun ala hitz egin?
Normalean, entzun. 
Zure bizitzako egunik zoriontsuena?
Urtebetetzeak, esaterako.
Ondo moldatzen zara teknologia berriekin?
Bai, gustuko ditut eta nahiko ondo moldatzen naiz.
Hartu duzun erabakirik zailena?
Etxetik urrun bizitzera joatea. Gogoa neukan, baina ondo pentsatuz gero, ez zen erabaki erraza izan.
Orokorrean, kostatzen zaizu erabakiak hartzea?
Gaiaren arabera. Gauza batzuk di-da batean erabakitzen ditut, eta beste gauza batzuei buelta asko ematen dizkiet. 
Iraganera edo etorkizunera bidaiatuko zenuke?
Etorkizunera, agian, mundua eta gauzak nola diren ikusteko.
Berriro jaioko bazina, zerbait aldatuko zenuke?
Ez, boteprontoan ezetz esango nuke. Pozik nago egindakoarekin.
Nola ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara?
Uste dut Ermuan bizitzen jarraituko dudala, baina egunen batean nire herrira itzuli nahiko nuke, bertan etxea erosi nuen-eta. Agian erretiroa hartzean... 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.